(argazkia: Loraldia)

4000 lagun baino gehiago bildu ditu Loraldia Festibalak

Euskal Herri osotik heldu diren 120 artista baino gehiago izan dira Loraldia Festibalean eta euskararen unibertsoa sortzeko konpromisoa plazaratu da.

Bilboko Loraldia jaialdiaren zazpigarren edizioa amaitu da jada eta orain balantzea egiteko unea heldu zaio kultur elkarteari. Bizi dugun osasun egoerak baldintzatutako edizioa izan bada ere, balorazioa positiboa izan dela dio.

Ondorio hau ateratzeko hamaika arrazoi aurkitu ditu Loraldia Kultur Elkarteak. “Batetik, bizi dugun egoerari aurre egiteko gai izan gara eta segurtasun eta babes neurri guztiak hartuta, aurrera atera ahal izan dira programatutako ekintza guztiak, kultura segurua dela erakutsiz”.

Bestetik, euskal kultur proposamen anitzak erdigunera ekarri direla dio antolakuntzak eta “hiria euskarazko kultur sormenaren erdigunea bilakatu da hiru astez”. Euskal Herri osoko 120 artista baino gehiago bildu dira Loraldian, 13 areto ezberdinetan.
“Sormenarekin zor bat genuela aldarrikatu zuen Loraldiak festibalaren lemak eta erantzuna eman diogu horri”.

Gainera, formatu, estilo, sormen anitzak ekarri izan dituztela nabarmendu dute. “Sortzaile berri ugari aurkeztu dira edizio honetan eta publikoak deskubrimendu handiak egiteko aukera izan du. Hausnarketa egiteko eta ikuspegi kritikoa lantzeko aukerak izan ditugu baita ere”.

Azkenik, publikoaren erantzun paregabea azpimarratu nahi izan du Kultur Elkarteak. “Programazioak harrera paregabea izan du eta aretoak jendez lepo bete dira. Ikuspegi artistikotik, publikoak gozatu egin du. Eta jarrera aldetik, segurtasun eta babeserako baldintza guztiak bete ditu”.

Datuei erreparatuta, 4.000  lagun batu ditu Loraldiak. “Berez, aretoen %84a beteta egon da. Horrez gain, milaka pertsona kanpotik konektatu da esperientzia digitaletan”.

Zabaldu: