(argazkia: Euskal Zine Bilera)

45. Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabalik

Lehiaketan izena emateko epea uztailaren 31 arte egongo da zabalik.

Aurten 45 urte beteko dira Euskal Zine Bilera jaio zenetik eta antolakuntzak Lekeition zineaz gozatzen jarraitzeko, inoiz baino arrazoi gehiago dituela adierazi du. “Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da gurea, eta euskara hutsez egiten den bakarra Euskal Herriaren hegoaldean behintzat. Euskal Zine Bilerak hiru norabidetan garatzen du bere lana: Euskarazko zinema sortuz, Euskararen zinema partekatuz eta Euskal Zinemagintzarekin saretuz. Hiru bideetan zehar abiatzen da, beraz, EZBren misioa”.

Aurreratu dutenez, “aurtengoa jaialdi intentsoagoa izango da, egun gutxiago baina edukiz betea. Berez garenarekin berriz konektatzeko tarte bat hartu nahi dugu berriro. Euskal Zinemaren Herriarekin lotu nahi gara berriz eta zinemara joateko ohiturari balorea eman. Eta, horretarako, indar guztiak harremanetan inbertituko ditugu aurten eta bilera izaera bereziki sendotuko dugu”. Amateur zein profesionalen arteko harremanak, herritarren eta herrira etorriko direnen artekoak, zinema eta Lekeitioren artekoak. Horregatik, jaialdia, esperientzia eta bizipen berezia izaten jarraitzea da aurtengo helburu nagusia.

Hala, urriaren 20tik 23ra bitartean, Euskal Zine Bilerak euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan dezaketen pertsonak erakartzeko.

Lehiaketa

Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da lehiaketa, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Lanak aurkezteko epea uztailaren 31ra arte mantenduko da zabalik eta bere oinarriak webgunean egongo dira eskuragarri. Aukeraketa egiteko orduan, Lea Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko da, lehiaketa barnean zein lehiaketaz kanpo.

Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta sortzaileak zein zinegileak Lekeition egoteko azpiegitura jarriko da, herrira hurbiltzeko erraztasunak eman eta ostatua ziurtatuz. Hartara, zinema giroa bultzatuko da herrian.

Zabaldu: