46. Euskal Zine Bileran parte hartzeko deialdia zabalik da

Lanak aurkezteko epea uztailaren 31ra arte egongo da zabalik eta oinarriak zinebilera.eus webgunean daude eskuragarri.

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea.

Sariak ondorengoak izango dira: Film Onenaren Saria (3.000 euro), Zuzendaritza Onenaren Saria (1.600 euro), Gidoi Onenaren Saria (1.600 euro), Ikusleen Saria (750 euro) eta Gazte 22 Saria (2001. urtetik aurrera jaiotakoentzat, 750 euro).

Lanak aurkezteko epea uztailaren 31ra arte egongo da zabalik eta oinarriak zinebilera.eus webgunean daude eskuragarri. Aukeraketa egiteko orduan, Lea Artibai eskualdeko egileen lanak jaialdian egotea bultzatuko da, lehiaketa barnean zein lehiaketaz kanpo.

Aurkezten diren lanen artean 20 inguru aukeratuko dira lehiaketan parte hartzeko. Sail ofizialeko lanen egileei sari banaketa ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igarotzeko aukera eskainiko zaie. Film bakoitzaren egileari gela bikoitza ziurtatuko zaio. Gaua igarotzera geratu ezin diren egileen kasuan dieta gastuak ordainduko zaizkiela zehaztu dute.

Euskal Zine Bilera

Aurten 46 urte beteko ditu euskara eta zinema batzen dituen Lekeitioko Euskal Zine Bilerak. Azaldu dutenez, “zinema lekuko bat bezala ulertzen dugu, eskutik eskura bidaiatzen duena. Istorio bat, belarritik belarrira kontatzen doana eta aho bakoitzean desberdin bilakatzen dena. Aurten ere, istorioekin emozionatzen jarraitu nahi dugu. Etorkizunera begiratzen dugu, bidea egiten dutenen lorratzak jarraituz, euskarazko zine-zidorrak zabalduko dizkiguten bidegile berrien zain”.

Euskal Herrian mantentzen den jaialdi zaharrena da Lekeitiokoa, eta euskara hutsez egiten den bakarra Hego Euskal Herrian behintzat. “Edizio berri honetan berez garenarekin konektatzen jarraituko dugu, jaialdiaren oinarrietatik sustraituz. Euskal Zinemak herriarekin duen lotura loratuko dugu, zinemara joateko ohiturari balorea emanez”.

Era berean, “bilera” izatearen esanahia azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek, “zinemarekin lotura handiagoa edo txikiagoa dugunon norabideak batzen diren lekua hain zuzen”. Amateur zein profesionalen arteko harremanak, herritarren eta herrira etorriko direnen artekoak, zinema eta Lekeitioren artekoak. Horregatik, esperientzia eta bizipen berezia izaten jarraituko du Euskal Zine Bilerak.

Urriaren 19tik 22ra Euskal Zine Bilerak, euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.

Zabaldu: