(argazkia: Incansables Txaranga)

50 urteko historia biltzen duen disko-liburua kaleratu du Incansables Txarangak

Orain arteko diskografiako hainbat kantu bildu, eta grabatu zein argitaratu gabeko beste zenbait abesti berri jaso dituzte diskoan. Liburuan, berriz, Incansablesen historia, pasadizo eta anekdotak kontatzen dira.

Incansables Txarangako kideek 50 urte daramatzate Euskal Herriko kaleak musikaz alaitzen, jaietan eta inauterietan. Iaz bete zuten mende erdia eta urteurrena aprobetxatuz, taldearen ibilbidea jasotzen duen disko-liburua kaleratu dute. Hala, Txarangaren orain arteko diskografiako hainbat kantu bildu, eta grabatu zein argitaratu gabeko beste zenbait abesti berri jaso dituzte diskoan. Liburuan, berriz, Incansablesen historia, pasadizo eta anekdotak kontatzen dira, txarangan 50 urte jarraian egin dituen musikari Joaquin Ortega Canarioren perspektibatik landuta. Liburuaren testuak fintzen Ainara Ortega hernaniarra aritu da.

Mende erdian zazpi disko grabatu ostean, dibulgazio lan bat osatu nahi izan dute urrezko ezteien aitzakipean. Argitarapenaren bitartez taldearen eboluzioa jaso nahi izan dute, txarangaren musika lantzeko modua eta bizitako zenbait gertaera ezagun ere, nahiz eta ezkutuko beste zenbait ezagutarazi.

Taldekideen arabera, “musika talde batek 50 urtez martxan jarraitzea ez da batere ohikoa izaten, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun orain artekoa musikaren eta hitzen bitartez jasotzea”. Disko-liburuarekin irakurle eta entzuleek historian zehar bidaiatzea nahi izan dute eta horretarako, QR kodeen bidez, irakurleei zenbait kantu proposatu eta beste hainbat bideo historiko ikusteko aukera emango diete. “Apustua izan da formatu berri honetan musika, hitzak eta bideoak biltzea”, nabarmendu dute.

Disko-liburua herrietako taberna zein dendetan salgai egotearekin batera, txarangaren webgunearen bidez eskuratu ahal izango da, 20 euroren truke.

Zabaldu: