‘Buyan’ eleberri grafikoaren aplikazio digitala abian da

Google Play bidez eskuratu ahal izango den honako bertsio digitala komiki fisikoa bezala irakurri ahal izango da, baina paperak dituen mugak gaindituz.

Iazko urrian ikusi zuen argia Buyan izeneko eleberri grafikoak Xabier eta Martin Etxeberria anaiek eta Aritz Trueba marrazkilariaren eskutik. Zazpi urteko lanaren fruitua izan zen eleberri grafiko hau eta “komiki historiko fantastiko” gisa bataiatu zuten egileek.

Komikiak orain, aurrerapauso bat eman du eta paperaren mugak gaindituz, bertsio digital bilakatu da. Egileek sare sozialen bidez azaldu dutenez, Google Play bidez eskuratu ahal izango da honako bertsio digitala. Aplikazio berriak protagonistak une oro non dauden jakiteko mapa interaktiboa dakar, komikiaren hizkuntza aldatzeko aukera, efektu bisual ikusgarriak, gailuaren sentsoreen bidezko animazioak, glosarioa: komikian aipatutako kontzeptuak sakonago ezagutzeko aukerarekin. Josu Igoa informatikari beratarra izan da aplikazio digitalaren egilea.

Buyan komikia Heriotzaren Uhartea historia eta kondaira mitikoak uztartzen dituen istorio zirraragarria da, XIII mende hasierako Errusian kokatua. Eleberriak 1241. urtera garamatza, tropa mongoliarrek Europa banatu bat konkistatu zutenekoa, mendebaldetik soldadu teutoniarrak Asia aldera zetozen bitartean.

Komikia ingelesez, frantsesez eta euskaraz argitaratu da orain arte, arrakasta nabarmenarekin.

Kultur Sharea atariak iazko urrian egin zien elkarrizketa Xabier eta Martin Etxeberria anaiei eta Aritz Trueba marrazkilariari. Hemen duzue entzungai.

Zabaldu: