(argazkia: Durangoko Azoka)

57. Durangoko Azokan izena emateko epea zabalik da

Abenduaren 7tik 11ra egingo da aurtengo edizioa. Erakusmahaiak alokatu eta egitarauko proposamenak aurkezteko epea zabaldu da eta www.durangokoazoka.eus webgunean egin beharko da (eraskusketaria atalean).

Durangoko Azokako 57. edizioan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoekoizleek irailaren 30era arte izango dute horretarako epea. Egitaraurako proposamenak aurkezteko, berriz, urriaren 15era arteko epea izango dute. www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egongo da izena emateko aukera.

Edizio berria abenduaren 7tik 11ra bitartean izango da eta, “Durango euskal kulturaren plaza bilakatuko da”, antolatzaileen arabera, “kulturzaleen eta sortzaileen topagunea”. Bost egunez “euskal kultura eta sortzaileak gertutik ezagutu, kultur ekoizpenak eskuratu, euskal giroaz gozatu eta, euskal kultura ardatz dela, harremanak eta esperientziak bizitzeko aukera izango da”.

Horrez gain, beste urte batez,  online dendak jarraipena izango duela iragarri dute, “parte-hartzaileei salmentarako aukera gehiago eskainiz eta bertaratu ezin diren kurtuzaleei erosketa ahalbidetuz”. Hortaz, aurtengoan ere erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean parte hartuko dute Durangoko Azokan. 

Guneetarako proposamenak

Durangoko Azokak 57. edizioko egitarauan parte hartzeko epea zabaldu da. Kultur sortzaileek Azokako guneetara aurkeztu ahal izango dituzte euren proposamenak: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia. Guztiak www.durangokoazoka.eus webgunean.

Talaian zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, bai euskara hutsezkoak bai Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak ere.

Ahotsenean parte hartzeko irizpideak honakoak izango dira: 2022. urtean kaleratutako disko edo liburua izatea (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) eta euskaraz izatea.

Irudienean Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak…

Kabi@ gunea digitalaren plaza izango da beste urte batez, eta teknologia berriekin lotutako aurkezpenak egingo dira: hitzaldiak, jokoak, tailerrak…

Saguganbaran, berriz, haur eta gazteei begirako aurkezpenak antolatuko dira: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak…

Szenatokian pieza dantza eta antzerki pieza laburrak aurkeztu ahal izango dira.

Ikasle Goiza

Aurten, berriro ere, Ikasle Goizak presentzialtasuna berreskuratuko du eta hasiera emango dio Durangoko Azokako egitarauari. Abenduren 7ko goizean, Euskal Herriko ikasleek eskaintza anitza izango dute. Aurtengoan, gainera, ikasleez gain, hezitzaileentzako jarduerak ere antolatu dira egun horretan eta hori izango da berrikuntza nagusiena. Diziplina ezberdinez osatutako egitaraua antolatuko da egun horretarako.

Ikasle Goizeko tailerretan izena emateko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik.

Zabaldu: