Abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo da aurtengo edizioa eta erakusmahaiak alokatu eta egitarauko proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute antolatzaileek. www.durangokoazoka.eus webgunearen bidez egongo da izena emateko aukera hilaren 30era arte. Egitaraurako proposamenak aurkezteko eta ikasle goizean parte hartzeko izen-emateen txanda, berriz, aurrerago izango da.
Abenduaren 5etik 8ra bitartean izango da Durangoko Azokaren 60. edizioa, eta bertan erakusmahaia ipintzeko izen-ematea martxan da jada. Irailaren 30era arte egin ahal izango da eta parte hartzeko interesa duten erakusleek (argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile zein autoekoizleek) azokako webguneko Erakusketaria atalean egin beharko dute eskaria. Gainera, behin erregistratuta, azokako araudia, izen-emate epeak, maiz egiten diren galderak eta tarifen informazio osoa eskuragarri izango dute partaideek.
Ohi denez, aurrerago beste zenbait inskripzio ipiniko dira martxan; besteak beste, egitaraurako proposamenak egiteko eta ikasle goizean parte hartzeko. Aurrerago emango da horren inguruko informazio zehatza.
Gerediaga Elkarteak adierazi duenez, “60. aldia izango da azokarentzat eta, urtemuga bezala, edizio borobila izateko lanean hasita dago lan-taldea. Landako Gunean urteko sortzaileen nobedadeak ikusgai izango dira, eta horiek jendaurrean aurkezteko ekitaldi ugari ere antolatuko dira gunez gune. Izan ere, azokatik haragoko ekitaldi anitza izango da beste behin”.