(argazkia: Arabako Aldundia)

600 pertsonentzako edukiera izango duen ‘Kultura Bizia’ gunea jarri dute martxan Gasteizeko Iradier Arenan

Apiriletik irailera bitartean askotariko kultura ekitaldiak antolatuko dira Iradier Arenan. Oraingoz Gatibu, La Excavadora, Crim, Talco, The Potes, The Baboon Show, Mambo Jambo eta Lagrimas de Sangre taldeen zuzenekoak iragarri dituzte. Emanaldietarako sarrerak laster jarriko dituzte salgai.

Erakundeek eta kultura eragileek Kultura Bizia gunea aurkeztu dute gaur, Gasteizen. Iradier Arenan kokatuko duten gune honetan, Arabako hainbat kultura eragilek, Kultura Bizia elkartearen pean antolaturik, mota guztietako kultura ekitaldiak antolatu ahal izango dituzte 600 pertsonentzako, apiril honetatik hasita irailaren bukaerara arte luzatuko den egitarau oparoarekin, eta, azaldu dutenez, “une bakoitzean behar diren osasun neurri guztiak eta pertsonen arteko distantzia errespetatuz”.

Hala, gaurko agerraldian azaldu dutenaren arabera, erakundeek azpiegitura jarri dute, eta Kultura Bizia elkartean bildutako kultur eragileak arduratuko dira irailera bitarteko programazioa osatzeaz.

Momentuz hauek dira Kultura Bizia espazioaren oholtza gainean arituko diren taldeetako batzuk: Gatibu, La Excavadora, Crim, Talco, The Potes, The Baboon Show, Mambo Jambo eta Lagrimas de Sangre.

Apirilaren 27rako eta maiatzaren 1erako erakundeek antolatutako San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren ospakizunez gain, ondorengo datak lotu dituzte jada: maiatzaren 15erako La Excavadora eta Crim, maiatzaren 22rako Talco eta The Potes eta maiatzaren 29rako Gatibu.

Emanaldietarako sarrerak www.kulturabizia.eus webgunean eskuratu ahal izango dira laster.

Zabaldu: