Louise Glück

Literaturako Nobel Saria euskaratzeko Jokin Zaitegi saria martxan da

Parte hartu nahi duenak Louise Glück-en The Wild Iris poema-liburua euskaratu beharko du.

Beste urtez batez, Jokin Zaitegi Sariketa deitu dute Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak Arrasateko idazlea gogoratzeko asmoz, eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko. Itzulpengintza arloko sariketa hau Literaturako Nobel Saria irabazi duten autoreen lanak euskaratzea du xede.

Suediako Akademiak Louise Glück poeta estatubatuarrari eman dio Nobel Saria aurten, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua idazle horren The Wild Iris poema-liburua itzularaztea da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketan. Horretarako, antolakuntzak proposatutako lagina euskaratu beharko dute parte hartu nahi dutenek, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera.

Abenduaren 20ra arteko epea egongo da itzulpenak bidaltzeko. Ondoren, epaimahaiak itzulpen egokiena aukeratuko du. Antolatzaileek iragarri dutenez, Itziar Diez de Ultzurrunek, Peru Iparragirrek eta Nagore Tolosak osatutako epaimahaiak jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2021eko urtarrilaren 15ean beranduenez.

Irabazleak 1.500 euroko saria irabaziko du The Wild Iris itzultzeko; diruaren erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2021eko irailaren 31 baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean.

Elkar etxeak argitaratuko du Louise Glück-en lana euskaraz, eta 2021ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga.

Harremanetarako: 943310267 eta 943771228 telefono zenbakietara deituta edo aed@aedelkartea.eus eta liburuak@elkar.eus helbidetara idatzi beharko dute parte hartu nahi dutenek.

Zabaldu: