800 sortzaile eta eragile baino gehiagok jada bat egin dute greba digitalarekin

Dagoeneko 800 sortzaile eta eragile baino gehiagok egin dute bat biharko eta etzirako deituta dagoen greba digitalarekin.

Kultur itzalaldi digital honekin, kulturgintzarik gabeko eszena irudikatu nahi dute Euskal Herriko 800 sortzaile baino gehiagok, hurrengo bi egunetarako. Izan ere, koronabirusak eragindako krisialdiak Euskal Herriko kulturgintza egoera larrian utzi du.

Itzalaldiak hiru helburu ditu:

1- “Euskal Herritar orori zuzentzea, batez ere konfinamendu egunotan inoiz ez bezala euskal kulturgintzara hurreratu direnei, norbanakook egunerokoan euskal kulturgintzarekiko dugun atxikimenduari buruzko gogoeta ariketa proposatzeko: egungo ereduak asetzen gaituen, zein kulturgintza nahiko genukeen, zein balio ematen diogun gure kulturgintzari, zein garrantzia duen gure egunerokoan, kulturgintzaren prekarietateaz ( batez ere sortzaileenaz ) ohartzen garen, zenbateraino babesten ditugun gure sortzaileak, sormenari ematen diogun garrantzia, euskal kulturgintzaren transmisioan eman den etenaz, euskal komunikabideak indartzeko moduez, kulturgintzarako ditugun plaza fisikoez eta digitalez….”

2- “COVID-19aren larrialdiak eragin(go) dituen kalteei erantzuteko premiazko neurriak plazaratu eta horiei atoan erantzun diezaiotela eskatzea Euskal Herri osoko erakunde publikoei: Euskal Hirigune Elkargoari, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Foru Aldundiei, Udalei eta bestelako erakundeei. Premiazko neurriekin batera, epe ertain-luzerako bestelako proposamenak ere plazaratzea”.

3- “Euskal Herri osoko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragile guztioi dei egitea larrialdi egoerak ahalbidetzen digunean mahai/bilera/topaketa… bat gauzatu dezagun euskal kulturgintzaren gabezia eta premia larriei eta batez ere etorkizuneko erronkei aurre egiteko zer egin auzolanean proposatu, eztabaidatu, adostu eta gauzatzeko. Deia beren beregi antolatuta dauden kulturgintzako eragileei luzatzea bilkura horren antolaketa lana euren gain har dezaten: sortzaileen elkarteei, enpresa egitura dutenei, erakunde publikoei…”.

Guztion ekarpen, iritzi, kritika eta enparauak jasoko dituzte. Horretarako bihar eta etzi bururatzen zaizuen guztia ekarpenak@kulturgintzan.eus helbidera bidali dezakezue.

Zabaldu: