Antolatzaileek erronka bikoitza dute aurrean. Batetik Laudio Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutaraztea eta hauspotzea. Bestetik, berrasmatu eta egun bizi dugun egoerara egokitu behar izan den Araba Euskaraz eguna bera biziberritu eta indartzea.
Hilabeteetako gorabeheren ondoren, Laudio Ikastolak askotariko programazioa aurkeztu du Araba Euskaraz egunerako. Ekainaren 20an izango da, Zabal bideak lelopean.
“Bizi dugun osasun egoeraren ondorioz etorkizunerako espektatibetan nagusitu den ezjakintasuna uxatu eta eraldatzera goaz orain arte jai egun erraldoi baten inguruan abiatzen genuen ekimena. Egoerara egokitutako eguna antolatu dugu, berrasmatu beharra nagusitu da antolakuntzan.” adierazi du Aiara Murga Egia Laudio Ikastolako lehendakariak. Edonola ere, “Araba Euskaraz ekimenak garrantzitsua izaten jarraitzen du Arabako ikastolen hezkuntza proiektuak garatu ahal izateko, eta are gehiago pandemiak horrenbeste kaltetu dituen euskara eta euskal kulturari bidea zabaltzeko”, nabarmendu du Jon Bengoetxea Martinez Ikastolako zuzendariak.
Erronka bikoitza dute aurrean. Batetik Laudio Ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutaraztea eta hauspotzea. Bestetik, berrasmatu eta egun bizi dugun egoerara egokitu behar izan den Araba Euskaraz eguna bera biziberritu eta indartzea, kasu honetan, ikastolako komunitatearen eta herriko elkarteen eta erakundeen arteko harremanak sakonduz.
Jakin badakite oraingo egoerak ahalegin eta baliabide gehiago eragin dituela, osasun neurriak betearazteko eta horregatik, bertaratzen direnei modu arduratsuan jokatzeko eskaera nagusitu dute. Bi gune handitan banatuko da aurtengo Araba Euskaraz eguna eta bertan antolatu diren ekimenetan parte hartzeko, parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera, aldez aurretik izena eman beharko da Araba Euskarazen webgunean.
“Aurtengo Araba Euskaraz ekimena ez da egun bakarrera mugatu, hainbat dira ikasturtean zehar burututako jarduerak, eta ekainaren 20an, jarduera sorta horri itxiera emango diogu ibilbiderik eta kontzertu erraldoirik izango ez duen programa batekin. Hala ere, lan taldeetan, auzolanean eta herriko eragileekin elkarlanean, irudimenez eta ilusioz, bi gune nagusi prestatu ditugu, batetik, parte hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duten jarduerekin eta bestetik, ikusi edota entzunez gozatzeko ikuskizunekin” azaldu du Murgak.
Elkarlanari, ilusioari, kulturari, auzolanari, aniztasunari, parte hartzeari, euskarari, parekidetasunari… bidea zabaldu nahi izan diote euskararen aldeko programa oparo honen bitartez. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua prestatu dute, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da eta edukiera mugatua izango du proposatu diren bi gune handietan.
Guneetako ekintzez gain, bertako ekoizleei ere bidea zabaldu nahi izan diete eta 41 postuz osatutako azoka ipiniko dute Laudioko institutuko jolastokian. Azoka ikusi nahi dutenek ez dute aldez aurretik izena eman beharrik izango.
Modu berean, ikastolako familiek zein langileek egindako ekarpenekin eta herriko merkatari zein ostalariek eskainitako laguntzarekin tonbola bat antolatuko dute Lamuza plazan.
Egitaraua, hemen.