Aritz Albisu Araiako bizilagunak ustekabean aurkitu du obra, jatorrizko lekutik 500 metrora.
90. hamarkadaren erdialdean Nestor Basterretxea eskultore, margolari eta zinemagilearen Araba eskulturaren erreplika bat Aratzeko tontorrean jarri zuten, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa batzen dituen gailurrean, hain zuzen. Hainbat artelan euskal gailurretan jartzeko ekimen baten barruan paratu zuten obra hor. Pieza bi urtez egon zen bertan, desagertu zen arte.
Basterretxeak 1962an sortu zuen jatorrizko artelana egurrez, Bizkaia eta Gipuzkoa izeneko beste bi artelanekin batera. Aratzen kokatutako erreplika, berriz, brontzez egin zuen Bermeoko artistak.
Aritz Albisu Araiako bizilagunak ustekabean aurkitu du desagertutako obra orain, jatorrizko lekutik 500 metrora. Joan den asteburuan izan zen, hasieran ez zuen pieza ezagutu, baina argazkiak atera zizkion eta Amaia emazteari erakutsitakoan, hark esan zion hura zela Aratzen desagertutako eskultura.
Pasa den astelehenean, Albisu eta beste hiru lagun eskultura jasotzera igo ziren, eta makila batzuekin jaitsi zuten, berrogei kilo baino gehiago pisatzen baitu, eta patata zaku batean bilduta Asparrengo udaletxeraino eraman zuten.
Araiako bizilaguna Gorka Basterretxea eskultorearen semearekin eta Txelo Auzmendi Asparrengo alkatearekin elkartu da orain. 20 urte desagertuta egon den arren, piezak ez du kalte handirik. Basterretxeak espazio ireki batean jartzea espero du, parke batean adibidez, bere aitak horretarako sortu baitzuen. Oraingoz, eskultura kokatzeko lekurik egokiena aztertzen ari dira.