Liburuaren oinarrian benetako gertaera bat dago: duela hamar urte baino gehiago, Ipar Poloko hartz bat agertu zen Argentina hegoaldeko kostaldean, aditu guztiek zehaztu zutenez, gutxienez 2.000 kilometro egin zituen igerian. Arrazoi tragikoa zuen hartzaren balentriak: berotze globalak ez die janaririk lortzen uzten Ipar Poloan eta bizirik jarraitzeko, habitata aldatu behar dute.
Kris Etxabe idazleak eta Maite Marquez eta Mikel Maiza marrazkilariek Ilezuri haur albuma aurkeztu dute, Donostian Alberdania argitaletxearen eskutik. Lantaldearen bigarren lana da, 2000n Altxorrik handiena izeneko albuma argitaratu baitzuten.
Etxabek eskarmentu handia du haur eta gazte literaturan, alor horretan espezializaturiko liburuzaina baita Bilboko Udal Liburutegien Sarean. Marquezek eta Maizak ere ibilbide luzea dute egina.
Liburuaren oinarrian benetako gertaera bat dago: duela hamar urte baino gehiago, Ipar Poloko hartz bat agertu zen Argentina hegoaldeko kostaldean, aditu guztiek zehaztu zutenez, gutxienez 2.000 kilometro egin zituen igerian. Arrazoi tragikoa zuen hartzaren balentriak: berotze globalak ez die janaririk lortzen uzten Ipar Poloan bizi diren hartzei, eta bizirik jarraitzeko, habitata aldatu behar dute. Hori da, hain zuzen ere, Poloko hartzak arriskuan dauden animalien zerrenda luzean egotearen zergatia.
Egileek istorio honen bidez, haurrak klima aldaketaren zergatiez eta ondorioez ohartarazi nahi izan dituzte, irtenbide posibleen inguruan hausnarketa egin dezaten.
Jorge Gimenez Bech editorearen arabera, Ilezuri hartzaren bidaia “marrazki eta testu eraginkor, argi eta atseginez kontatu dute, 38 orrialdetan zehar”. Editoreak azpimarratu duenez, “didaktismo merketik urrun, jolasean gozatzeko aukera eskaini nahi die album honek, bai haurrei, beraiek baitira jasotzaile nagusiak, bai haiekin irakurketa partekatzeko ohitura zeharo osasungarria duten guraso eta, oro har, helduei ere”. Izan ere, albumak zortzi hegal tolestuak ditu barruan, irakurleak irekiko dituenak, azpian dauden testu eta marrazkiak ikusteko. Guztira, hiru orri hirukoitz ditu eta orri laukoitz bat.