Artedrama Euskal Laborategian izena emateko epea zabalik da

Irailaren 20tik 25era izango da aurtengo topagunea, Aulestin. Edizio honetan ere euskal antzerkiaren zoko ezberdinak arakatu ahal izango ditugu Ander Lipus, Olatz Gorrotxategi, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Ruth Gimera, Matxalen de Pedro eta Igor de Cuadraren eskutik.

Artedrama Arte Eszenikoen Plataformak aurtengo Euskal Sormen Laborategian parte hartzeko deialdia zabaldu du. Topagunea irailaren 20tik 25era bitartean izango da Aulestin, eta bertan, antzerkilariak eta sortzaileak elkarrekin egongo dira, arte eszenikoetako hainbat alor hobetzen eta tekniketan sakontzen, eskarmentu handiko profesionalek gidatuta.

Arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea da Aulestin urtero antolatzen dutena: aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat zabaltzen den gunea. Artedramak azaldu duenez, “Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin, astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira, sei irakasleren tailerrak prestatu ditugu”.

“Aberatsa da oso gure eszena, eta urtez urte euskal antzerkiak sentsazio eta gogoeta berriak sorrarazten dizkigu”, azaldu dute Artedramako kideek. “Urtez urte eginiko lanaren emaitzak fruituak eman ohi ditu eta zorteko gara, gure mundua sortzen baikabiltza, talentu handiz hornituriko artistak bidelagun ditugula”. Era horretan, ekimenean parte hartu nahi dutenek aurten ere euskal antzerkiaren zoko ezberdinak arakatu ahal izango dituzte Ander Lipus, Olatz Gorrotxategi, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Ruth Gimera, Matxalen de Pedro eta Igor de Cuadraren eskutik.

Euren ibilbidearen eta euren ikastaroen xehetasun guztiak, hemen.

Izena emateko info@artedrama.com helbidera idatzi edo 636 55 22 44 telefonora deitu beharko da.

Zabaldu: