(argazkia: Pantailak Euskaraz)

Hainbat herri ekimen eta eragilek ‘Pantailak euskaraz’ mugimendua sortu dute

Egungo egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburuarekin sortu dute mugimendua.

Ikus-entzunezkoetan euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute, “egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburuarekin”.

Streaming plataformetan euskararen presentzia sustatzeko duela hilabete batzuk sorturiko Netflix Euskaraz eta Disney+ Euskaraz ekimenek, zinema aretoetan euskara sustatzen urteak daramatzan Tinko Euskara Elkarteak, Bieuse Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak eta berriki abiatutako Zinemak Euskaraz ekimenek osatzen dute dinamika.

Sustatzaileek azaldu dutenez, www.pantailakeuskaraz.eus webgunearen bitartez sinadura bilketa ezberdinei indarra eman eta haien aldarrikapenak lau haizetara zabalduko dituzte datozen hilabeteotan. Ildo horretan, euskarak pantailetan bizi duen egoerarekin kezkaturik dagoen herritar oro atxikimendua ematera animatu nahi izan dute.

Joan den apirilean, Durangon, Netflix Euskaraz-ek antolatu zuen agerraldiaz geroztik, eragile hauek egoeraren inguruko hausnarketa bat partekatu eta Euskal Herri osoko ikus-entzunezkoen sektoreko eta euskalgintzako eragile ezberdinekin bilerak egin dituzte, eta, elkarlanean, euskarazko ikus-entzunezkoek eta euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoerari irtenbidea emateko aldarrikapen nagusiak lantzen aritu dira.

Ibaia Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkarteak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkarteak eta Napar Nafarroako Ekoizleen Elkarteak aldarrikapen horiek babestu dituzte. Horiez gain, euskalgintzako hainbat eragilek ere parte hartu dute aldarrikapenen lanketan.

Hala, Euskal Herri osoko ahalik eta eragile gehienen ekarpenekin osatu, eta kontsentsu handi bat izango duen euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat lantzea izango da datozen hilabeteotako lana.

Pantailak Euskaraz ekimenak egindako proposamenen artean daude euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea eta EITB indartzea euskararen normalkuntzarako tresna bihurtzeko. Honekin batera, euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea, plataforma nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotzea edota zinemaren lege propioak sortzea.

Zabaldu: