Gari musikariak ‘Zerua’ eta ‘Gaua’ abestiak biltzen dituen lan laburra aurkeztu du

Bi kanta hauek aurkeztu dituen arren, abeslariak ez du diskorik kaleratzeko asmorik, oraingoz. Azken urteetan Maldanbera bandarekin batera abiatutako bidean sakontzeko balioko diotela nabarmendu du.

Gari abeslari eta musikariak (Hertzainak, Gari & Maldanbera) Zerua eta Gaua izeneko lana aurkeztu du, pop-rockaren eta bere alderik intimistenaren artean mugitzen diren bi abestiz osatutako lan laburra. Oraingoan, Borja Barrueta (Jorge Drexler, Carmen Paris), Aitor Etxebarria teklatu jotzailea eta bere zuzenekoetan parte hartzen duten musikariak izan ditu alboan.

‘Zerua ‘Unai Mimenza ingeniariaren eta Jon Agirrezabalaga (We Are Standard) ekoizlearen eskutik gauzatu da Tio Pete estudioetan. Abestiaren letra Garik berak eta Juan Luis Zabala idazleak osatu dute.

Legazpiko musikariak adierazi duenez, bi kanta hauek aurkeztu dituen arren, oraingoz ez du diskorik kaleratzeko asmorik. Azken urteetan Maldanbera bandarekin batera abiatutako bidean sakontzeko balioko diotela nabarmendu du. Lan berri honetan elementu elektronikoak, sintetizadoreak kasu, espektro zabalago bat hartzen ari dira, baina betiere perkusioaren eta gitarren tonu beroa eta Gariren ahots ia xuxurlaria errespetatuz.

Lan berri honekin gainera, Zerua abestiaren bideoklipa ere aurkeztu du abeslariak. Aitor Oñederrak zuzendu du pieza eta Xanti Agirrezabala eta Itxaso Sanchez aktoreak ageri dira bideoan. Alain Garcia Aranak, Olaia Nogalesek eta Bego Vicariok ere parte hartu dute lan honetan.

Zabaldu: