(argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

‘Batuz aldatu’, hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu dute

Euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da helburu nagusia.

Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala lortu eta Batuz aldatu dokumentua aurkeztu du larunbat honetan, Donostian. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera, “hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia zela esan genuen duela hilabete batzuk, eta jauzia egitera goaz”.

Batuz aldatu adostasunaren edukiaren aurkezpena bi eragileetako ordezkariek egin dute; hain zuzen, dokumentuarekin bat egin duten Elkar taldeko Joanmari Larrartek, eta Euskal Monetako Eva Mutiok. Gizarte eragileen izenean, Mutiok zer esana badutela adierazi du: “Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: giza harremanetarako edo harreman sozialetarako oinarrizko bitartekoa da hizkuntza. Eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza praktikak eta hautuak”.

Bi ordezkariek proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu dituzte: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza politikaren zeharkako izaera, normalizazio prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Halaber, hizkuntza politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartua garatu behar dela azaldu dute.

Ondoren, etorkizuneko agertokirako helburu nagusia aurkeztu dute: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Horretarako, hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatu beharko direla adierazi dute, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan.

Askotariko 99 eragilek egin dute bat Batuz aldatu dokumentuarekin: AEK, Bai Euskarari, Bilgune Feminista, Ahotsenea, Bizipoza, Euskal Aktoreen Batasuna, EHAZE eta Euskal Idazleen Elkartea izan dira horietako batzuk.

Hiru erronka

Bilbaok hurrengo hilabeteotan aurrera eramango dituzten erronken berri eman du. Lehenik eta behin, adostutako dokumentua eragile gehiagotara iristeko beharra plazaratu du: “Paradigma berria jarri dugu hizkuntza politikaren esparruan, eta eragileak paradigma berriari lotzeko lan egin behar dugu. Garrantzitsua da etorkizuneko hizkuntza politiken inguruak ikuspegi adostua eta partekatua izatea, eta beraz, erronka izango du adostasun hori are zabalagoa eta askotarikoagoa izatea”.

Bigarrenik, Bilbaok gogoratu du eragileen artean lortutako adostasunak hizkuntza politika orokorretan eragitea duela helburu, baina beharrezkoa dela arloz arlo zehaztea non dauden hizkuntza politikaren beharrak: “Goazen arloz arlo hizkuntza politiketan eragiteko lehentasunak definitzera, adostera… eta, ondoren, horiek garatzeko urratsak elkarrekin egitera”. Kontseiluak ekin dio, dagoeneko, arloz arloko lanketari, “makrotik mikrora” eramateko ariketari.

Azkenik, eragileek lortutako adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea erronka garrantzitsua izango dela azpimarratu du Bilbaok: “Hizkuntza baten normalizazio-prozesua soziala eta politikoa da. Hanka sozial sendoa behar du, baina bai eta hanka politiko sendoa ere. Horrexegatik, gure asmoa da adostasun sozial trinko hauek adostasun politiko bihurtzea”. Hurrengo hilabeteotan lanketa horri ekiteko konpromisoa adierazi du.

Zabaldu: