Hiru gunetan banatuko dira hamabi ikuskizunak: Abaroa jauregiko lorategia, plaza baltza eta eskolako jolastokia.
Iazko edizioa bertan behera geratu ostean, bueltan da Kaleka Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia Lekeitioko kaleetara. 31. edizioa uztailaren 9tik 11ra bitartean egingo da segurtasun protokoloa zainduz. “Ezohiko egoera batean, ezohiko aukerez baliatu behar da. Jaialdia beti kalean ospatu da eta aurten ere horrela izango da, baina hesitutako guneak erabiliko dira edukierak kontrolpean izateko eta neurri guztiak egoki bete ahal izateko”, adierazi du antolakuntzak.
Hiru gunetan banatuko dira egitarauak jasotzen dituen hamabi ikuskizunak: Abaroa jauregiko lorategia, plaza baltza eta eskolako jolastokia. “Eduki, formatu eta hizkuntza anitzetako dantza, zirkua, clowna, keinu-antzerkia, esperimentazio espazioa, piroteknia edota su ikuskizunak ikusi ahal izango ditugu, besteak beste”.
Jaialdiaren oinarri nagusietako bat parte-hartzea da, artista eta ikusleen arteko harremana bultzatuz. “Argi dago, aurten baldintzatuta egongo dela, baina modu desberdinak landuko dira ikusleak ere ikuskizunen parte sentiarazteko”.
Era berean, azken urteetan egin den bezala, 31. ediziorako proposamenak hiru atal nagusitan banatuko dituzte: Kaleka Ofiziala, Kaleka Scratch eta Kalekaz Blai.
Kaleka Ofizialak hainbat formatu lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak bilduko ditu. Aurten Tiritirantes, David Moreno Cia. & Cristina Calleja, Mireia Miracle Company, Producciones Sansegundo, Mortelo & Manzani, Teatro La Cosa, Nuc, Haatik Dantza Konpainia, Mr Copini eta Visitans konpainiak izango dira.
Kaleka Scratchek, berriz, garapenen edo sortze prozesuan dauden lanak bilduko ditu, kulturgile eta ikusleen arteko elkar trukaketa garatzeko espazioak eskainiz. Edizio honetan Madrilgo Maximo Optimo konpainiaren Minimo Pesimo ikuskizuna izango da.
Amaitzeko, Kalekaz Blai atalaren bidez, Urdaibaiko Txitatoki Eskolak zirku tailer irekia antolatuko du, herritarrek parte har dezaten.
Ikuskizunetarako edukiera mugatua izango da, horretarako, bi ordu lehenago eskuratu ahal izango dira sarrerak, emanaldia izango den gunean bertan.
Egitarau osoa, hemen.