Izarok Victoria Eugeniako teilatutik iaz eskainitako kontzertua

Musika Bulegoa elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu Europako Musikaren Eguna ospatzeko

Ikko Percussion Group taldeak bere errepertorio minimalistako obra handi bat aurkeztuko du Errenteriako Niessen aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, Bihotza eta Makala DJak batuko zaizkio.

Musika Bulegoak gaur, ekainak 21, ospatzen den Europako Musika Egunarekin bat egin nahi izan du. 2020an ospakizuna bertan behera geratu ostean ostean, aurten berriro ospatuko da. Gaurkoan, elkarteak Euskal Herriko artearen funts nagusia aldarrikatu nahi du: zuzenekoa. “Pandemian zehar, teknologia berriek musikak gizartearekin harremanetan jarrai zezan lagundu egin dute streaming-aren, disko argitalpenen eta online kontzertuen bidez, baina Musika Bulegoan ziur gaude ezerk ez duela ordezkatzen zuzenekoaren esperientzia, eta aldarrikatu egin behar dugu, hain zuzen ere, kontzertuen jarduerak oso mugatuta jarraitzen duen unean, eta musikari, profesional eta areto askoren biziraupena arriskuan dagoen honetan”.

Musika Bulegoa elkarteak musikaren sektore osoko ordezkariak biltzen ditu, eta, beraz, askotariko sentsibilitate artistikoak. Bere izateko arrazoia, hain zuzen ere, elkarguneak sortzea eta hainbat arlotako eragileen arteko lankidetza erraztea denez, Europako Musikaren Egun hau ospatu nahi du eszenatoki berean bere bideak gutxitan zeharkatzen dituzten bi espezialitate bilduz: musika klasiko garaikidea eta musika elektronikoa.

Hala, Ikko Percussion Group taldeak bere errepertorio minimalistako obra handi bat aurkeztuko du Errenteriako Niessen aretoan, arratsaldeko 19:00etan. Ondoren, Bihotza eta Makala DJak batuko zaizkio. Emanaldiaren amaieran, denek batuko dituzte indarrak musika elektronikoaren eta zuzeneko instrumentuen fusio bati forma emateko.

Elkartearen ustez, “zuzeneko musika Euskal Herriko ekosistema kulturalaren funtsezko zatia da. Musikak hein batean gure nortasuna definitzen du eta, jarduera sozial gisa, besteekin konektatzen eta elkarrekin hazten ere laguntzen digu”. Gaur balio horiek ospatu nahi dituzte, baina elkartearen aldarrikapenak ahaztu gabe. “Ezin ditugu ahaztu azken urtean aurrez aurre izan ditugun hondamendiak: kontzerturik eman gabeko musikariak, programatu ezin dituzten aretoak, bigarren urtez jarraian bertan behera utzi behar izan diren jaialdiak, lanik egin ezin duten teknikariak… Gure sektoreak ziurgabetasunean murgilduta jarraitzen du, eta, duen potentziala ahultzen ari da. Horregatik, musika ospatzea bera defendatzea ere bada. Musika guztiona da, babestu! Bizi musika zuzenean!”, adierazi du Musika Bulegoak.

Zabaldu: