Santa Maria katedralaren historia ezagutzera emateko, errealitate birtualeko hiru ikus-entzunezko aurkeztu dituzte

Pieza hauen bidez, antzinako Santa Maria elizaren gainean eraikitako egungo tenpluaren eraikuntzaren hastapenetan eta ondorengo bi mendeetan egindako lanetan murgiltzeko aukera egongo da.

Santa Maria Katedrala Fundazioak errealitate birtualeko hiru ikus-entzunezko aurkeztu ditu. Hauen bidez, antzinako Santa Maria elizaren gainean eraikitako egungo tenpluaren eraikuntzaren hastapenetan eta ondorengo bi mendeetan egindako lanetan murgiltzeko aukera egongo da.

360º-tan murgiltzen lagunduko duten ikus-entzunezko berriak errealitate birtualeko bisita gidatuen eskaintzan sartuko dira aste honetan bertan. Bisita horiek iazko urrian jarri ziren abian, Santa Maria plazatik Gasteiz zaharraren bilakaera, hirira eta haren ingurura sartzeko iparraldeko atea eta Gasteizko hirigintza-garapena erakusteko.

Pieza berriek proposatzen duten denboran zeharreko bidaia hiru etapatan banatuta dago. Lehenengoa XII. mendean hasten da eta Santa Maria eliza erromanikoaren barruan kokatzen da. Eliza horren gainean eraiki zen gaur egungo katedrala. Ikusten den giroa itzalekoa eta ilun samarra da, tenpluak oso argi sarrera gutxi zituelako. Hormak lodiak eta sendoak dira, estilo erromanikoari dagokion bezala, baina baita eliza hiriko harresiei itsatsita zegoelako eta egitura errespetatu egin behar zelako ere. Zalantzarik gabe, eszenako elementu protagonista absidea da, bere aldarearekin eta hormaren erdian dagoen eraikineko leiho bakanetako batekin.

Bigarren etapak gaur egungo Santa Mariaren eraikuntza du ardatz, antzinako elizaren eta gaur egungo tenpluaren eraikuntzaren hasieraren arteko trantsizio-une batean. XIII. mendean gaude jada, eta harresitutako esparru zaharraren kanpoaldean altxatzen ari ziren Santa Maria berriaren erdiko hormak ikusten dira. Atzealdean, tenplu zaharreko teilatuen ostean, hiriko gainerako etxeak eta gotorlekuak ere ikusten dira.

Azkenik, hirugarren bideoa katedral berriaren barruko obrei buruzkoa da. Kronologikoki, eszena hori XIV. mendean gertatu zen, gurutzadurako gangak altxatzen hasi ziren Santa Maria tenplu berria eraikitzeko lanen funtsezko une batean. Une garrantzitsua ere bada, obra-bilera bat egiten ari delako proiektuaren sustatzaileen parte-hartzearekin: kleroaren eta Gasteizko nobleziaren ordezkariak.

Esperientzia, katedraleko kriptak eta hiriko harresia bisitatuz osatuko da, bisitaria hiriaren hirigintzak izan duen bilakaeran murgilduko duen ibilbide didaktikoa osatuz. Interesatuek Errealitate Birtuala eta Harresia esperientzia erreserbatu beharko dute katedralaren webgunean edo 945 255135 telefono zenbakira deituz.

Nolanahi ere, 360º-ko bideoak jende guztiaren eskura egongo dira www.catedralvitoria.eus webgunean, eta mota horretako edukiak erreproduzitzeko egokia den edozein gailutan ikus daitezke.

Lana asmo handiko ikerketa eta hedapen proiektu baten barruan dago, Santa Maria Katedralean egindako indusketetan abiatuta egin diren ikerketetan oinarritutako katedralaren eta bere ingurunearen eredu birtuala gauzatzen duen proiektuan, hain zuzen ere. EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldea arduratzen da informazio historiko guztia emateaz, eta baita Gasteizko muinoa osatu duten elementu guztien kokapen geometrikoa zehazteaz ere. Burgosko Unibertsitateko 3dUBU ikerketa-taldea, ikerketa historikoei eta arkeologikoei aplikatutako teknologia berrien erabileran aditua, arduratzen da 3D modelatzea egiteaz.

 

Zabaldu: