(argazkia: Pasaiako Itsas Festibala)

Pasaia Itsas Festibala 2022ko maiatzaren 26tik 29ra ospatuko da

Bigarren edizio honetan Portugal izango da ohorezko gonbidatua. Itsasontzi tradizionalen izen-ematea webgunearen bitartez zabaldu dute jada.

2018ko lehen edizioaren arrakastaren ondoren, eta COVID-19 pandemiagatik 2020an ekitaldia bertan behera geratu ondoren, 2022an Pasaia Itsas Festibala berriz ospatuko da. Hitzordua maiatzaren 26tik 29ra bitarte izango da, eta honela adierazita dago Izaro Mariezkurrena artista pasaitarrak Festibalarentzako egindako kartelean. Lau egun horietan zehar badiako urak kontinenteko leku ezberdinetatik etorritako itsasontzi tradizionalen topagune izango dira berriro.

Bigarren edizio honetan Portugal izango da ohorezko gonbidatua, Moita zehazki. Bertako itsas-ordezkaritzaz gain, hainbat kulturatako itsasontzi tradizionalak ere izango dira bertan, izan ere, fokua berriro itsasoan egongo da. “Oraingoz, tamaina handiko bi ontzi daude baieztatuta: Shtandart, 34,5 metroko luzera duen XVIII. mendeko errusiar fragata baten erreplika, eta Oosterschelde, hiru mastako goleta holandarra, 50 metroko luzera duena eta 1918an eraikia”, iragarri dute antolatzaileek.

Gaur zabaldu dute itsasontzi tradizionalen izen-ematea webgunearen bitartez. “Aurten, hainbat itsas jaialditan egingo den promozioaren bidez, ontzi tradizionalak erakartzeko lana egingo da, 2022ko edizioan parte hartuko duten ontzien kopurua handitzeko asmoz”. Horrez gain, Elkanoren irudia festibalean presente egongo da, mundubiraren 500. urteurrena dela eta.

Lehorreko jardueren programazioari dagokionez, Pasaiako barruti ezberdinetan gauzatuko da: Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Pasai Antxo eta Trintxerpe. Datozen hilabeteetan, festibaleko lantaldeak bilerak egingo ditu lurraldeko kultur eragileekin, bigarren edizio honetako programazioa osatzeko.

Edizio honetako berrikuntza guztiak webgune honetan argitaratuko dira.

Zabaldu: