Kultura eta bizitzaren aldeko kalejira herrikoia izango da eguneko ekitaldi nagusia, 12:30ean. Egitaraua umeentzako tailerrek, ardo-dastaketa ikastaroak, sasoiko barazkien zozketa eta ezusteko ikuskizunek osatuko dute.
Datorren larunbatean, apirilak 17, Konpartsakide Eguna ospatuko da Bilboko Areatzan. “Bilbotarrek bilbotarrei aisialdia eta kultura eskaintzea izango du xede egunak”, osasun-neurri guztiak bermatuz.
Joan den astean iragarri zuten bezala, Bilboko Konpartsek kultura eta bizitzaren aldeko kalejira herrikoia izango da eguneko ekitaldi nagusia, 12:30ean, Areatzan. Horretaz gain, 12:00etan gaztetxoentzako tailerrak, Mikel Garaizabal sommelierraren eskutik ardo-dastaketa ikastaroa eta sasoiko barazki-otzaren zozketa izango dira. Ardo-dastaketa ikastaroan parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da. Horretarako, mezua bidali beharko da bulegoa@bilbokokonpartsak.eus helbidera, izen-abizenak eta telefonoa idatzita. Edukiera mugatuta egongo denez, pertsona bakoitzak bina leku eskatu ahal izango du, gehienez jota.
Arratsaldean, berriz, hainbat ezusteko izango dira Zazpi Kaleetako balkoietan, 18:00etatik aurrera. Ekimen horrekin, konpartsek itxialdian auzokideei bizitza poztu zioten kulturgileen eredua oroitu nahi dute, “balkoietatik ere kultura eta alaitasuna eskainiz”.
Konpartsek adierazi dutenez, “ez dugu nahi aurreko krisietan bezala, erakundeek oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatzea kultur eta jai herrikoiei oztopoak ipintzeko: murrizketak, trabak eta debekuak, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta arlo horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez”. Horregatik bilbotarrei kalejiran parte hartzeko deia luzatu diete, “kultura bizia eta jaien eredu parte-hartzaile, feminista, herrikoi eta euskalduna babesteko”.
Pandemia hasi zenetik konpartsakideak ohikoa duten elkar-zaintzaren filosofian oinarritu dira, eta elkartasun-sareetan eta osasungintza publikoaren aldeko ekimenetan parte hartu dute, baina, modu berean, kulturari eta jai herrikoiei jarritako murrizketa, traba eta debekuekin oso kritikoak izan dira. Hala, Euskal Kulturgintzaren grebarekin eta Teknikariok sindikatuaren protestekin bat egin zuten.