Bilaka Kolektiboko musikari eta dantzariak Baionako presondegian (argazkia: Akitania Hegoaldeko Eszena nazionala)

Euskal kulturari buruzko sentsibilizazio tailerrak Baionako presondegian

Tokiko hainbat artistek euskal dantzaren eta musikaren inguruko topaketak animatu dituzte.

Euskal Kultur Erakundeak presondegietako gizarteratze zerbitzuarekin partaidetza berri bat garatu du, Baionako presondegian atxilotutako pertsonei euskal kultura hobeki ezagutarazteko asmoz.

Hala, pasa den uztailaren 6tik 8ra bitartean, euskal erakundeak bi orduko hiru topaketa koordinatu zituen artisten eta presoen artean. Bilaka Kolektiboak, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak edo Xabi Etcheverry eta Paxkal Irigoien musikariek dantza tailer bat, musikaren inguruko beste bat, eta azkenik, musika eta dantza uztartzen dituen hirugarren bat gidatu zituzten. “Abentura humano eta artistiko honetan parte hartu zuten lehen artista hauen esperientzia aberasgarria bezain zoragarria izan da”, adierazi du Maia Etchandy EKEko kultura bitartekaritzaren arduradunak eta udazkenean euskal kulturari buruzko laugarren tailer bat egingo dutela iragarri du.

Lehen aldia da EKE-k horrelako tailerrak antolatzen dituela, baina gehiagotan izan da presondegian izan ere, 2020an, erakundeak liburu elebidunak eskaini zizkion presondegiko liburutegiari, eskaintza aberasteko helburuz.

Euskal kulturaren inguruko ezagutza eta sentsibilizazioa da EKE-ren ardatz nagusienetako bat. Kultura arartekolaritzaren alorrean eramaten dituen ekintzak publiko mota ezberdinei zuzentzen dira eta euskal kultura guztientzat eskuragarri izatea dute helburu. Horregatik, erakundea ez da bakarrik ari eta artistekin zein kultura, heziketa edo gizarte eragile ezberdinekin egitasmoak garatzeko aukerak biderkatzen ditu.

Zabaldu: