(argazkia: Mintzola)

Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak bi ikerketa deialdi jarri dituzte martxan

Urriaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak eta lanak. Ebazpena azaroaren 18rako jakinaraziko da.

Kilometroak elkartearekin Goierriko ahozko ondarea ikertzeko beka esleitu berritan, Mintzola Ahozko Lantegiak bi ikerketa deialdi jarri ditu martxan EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean. Euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatzeko xedea dute biek, beste helburu batzuen artean.

Batetik, 2.000 euroko ikerketa proiektu sari bat eskainiko dutela iragarri dute. “Oraindik egin gabe dauden ikerlanak garatzeko saria da honakoa, eta master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko badira ere, beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira”, azaldu dute antolatzaileek. Deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: pio.perez@ehu.eus.

Bestetik, amaituta dauden Gradu Amaierako Lanentzako sari bat eskainiko dute. “Jada amaituta dauden Gradu Amaierako Lanentzat da; azken bi ikasturteetan defendatutako lanentzat, zehazki. 500 eurokoa izango da sari hau”. Deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbide elektroniko hauetara bidali beharko dira: administrazioa@mintzola.eus edota jm.hernandez@ehu.eus.

Bi deialdien kasuan, unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta, euskarazko antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza, bikoizketa edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat izan behar dute lanek ikergai.

Deialdi batean zein bestean parte hartu nahi dutenek urriaren 20a baino lehen bidali beharko dituzte ikerketa proposamenak. Ebazpena azaroaren 18rako jakinaraziko da.

 

Zabaldu: