Iruñeko Udalak Gazteentzako XXXI. Literatura Lehiaketako lan irabazleak sarean argitaratu ditu

Lanak irakurri, deskargatu eta inprimatu daitezke www.letragaztea.com edo www.letrajoven.com webguneetan, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Aurtengo edizioan saritutako narratiba eta poesia testuak zabaltzeko helburua du ekimenak.

Iruñean antolatzen den Gazteentzako XXXI. Literatura Lehiaketako 34 lan irabazleak irakur daitezke jada www.letragaztea.com eta www.letrajoven.com webguneen bitartez. “Narratiba zein poesia modalitateetako testu irabazleak hedatu eta sustatzeko modu bat”, dela dio Udalak, “euskaraz zein gaztelaniaz, hurrenez hurren, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek idatziak”, gaineratu du.

Bi webgune hauek gazteen literatura-lanen gordailu gisa funtzionatzen dute eta bertan aurreko bi edizioetako (2020 eta 2019) lehiaketetan saritutako lanak ere biltzen dira. “Lanak inprimatu eta deskargatzeko aukera dago, norbaitek erabili nahi izanez gero, ikasgeletan, adibidez. Creative Commos lizentziapean argitaratuta daude eta horrek lana erabiltzeko aukera ematen du, betiere egiletza aitortzen bada, merkaturatzen ez bada eta lan horretatik bestelako lanik eratortzen ez bada”, azaldu dute.

Gazteentzako Literatura Lehiaketaren azken edizio honetan 247 lan aurkeztu ziren, aurreko urtean baino % 106 gehiago, zeina Covid-19ren pandemiaren ondoriozko mugek eta konfinamenduak markatuta egon baitzen. Gaztelaniazko 209 lan eta euskarazko 38 aurkeztu ziren, poesiaren aldean (% 30,3) kontakizun laburra hobetsiz (% 69,6). Lehiaketa bi adin-tartetan antolatzen da: 14 eta 16 urte bitartekoak (aurkeztutako testuen % 69,6) eta 17 eta 18 urte bitartekoak ( % 30,3).

Zabaldu: