(argazkia: EKE)

Ahozko oroimenari buruzko ‘Eleketa’ erakusketa irailaren 12tik aurrera Donibane Lohizunen ikusgai

Irailaren 12tik urriaren 10era bitartean, Ducontenia Etxean, 78 bat lekukok (Ahetze, Arbona, Azkaine, Biriatu, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Ziburu) beren bizipenak eta oroimenak kontatuko dituzte, 200 ikus-entzunezko pasarteren bidez.

Euskal Kultur Erakundeak proiektu handi bat abiatu zuen 2007an: Ipar Euskal Herriko biztanleen ahozko memoriaren bilketa. Programa hau, gaur egun Eleketa izenarekin ezagutzen da, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren obragintzapean egiten da, urtero hogeita hamar bat lekukotasun bilduz.

Hala, EKE-k Eleketa fondoaren aberastasuna ezagutzera eman nahi du. Eleketa, ahozko memoriak izeneko multimedia erakusketa xede honekin jarri dute martxan: “lurralde bakoitzean bildutako lekukotasunak lurraldera itzul daitezen eta jendeak goza ditzan”.

Irailaren 12tik urriaren 10era, Ducontenia Etxean, “78 bat lekukok (Ahetze, Arbona, Azkaine, Biriatu, Donibane Lohizune, Getaria, Hendaia, Sara, Senpere, Urruña, Ziburu) beren bizipenak eta oroimenak aipatuko dizkigute, 200 ikus-entzunezko pasarteren bidez”, jakinarazi du EKEk eta azpimarratu nahi izan duenez, “bideo-pasarteak beren jatorrizko transkripzioarekin eta itzulpenarekin (euskaraz edo frantsesez) aurkeztuak izango dira erakusketan”. Horrela bai euskaldunek bai erdaldunek gozatzen ahalko dituzte urtez urte bildu lekukotasunak.

Bestalde, horien denen osagarri, lurraldeko lekukoek utzitako zenbait irudi eta objektu ere erakutsiko dira.

Partikularrak eta ikerlariak bezala, tokiko irrati eta telebistak ere ari dira oraino Euskal Herriko memoria biltzen. Maite Barnetchek (1941-1986) hainbat erreportaje egin zituen, telebista publikoak Euskal Herria orai eta gero lelopean zabaldu zituenak 1971tik 1986ra arte. Horietako batzuk Donibane Lohizunen ikusi ahal izango dira.

EKEk gainera, sortzaileei ere erakusketan partehartzeko aukera eskaini die. Lur Olaoizola (Donostia, 1988) eta Oskar Alegria (Iruñea, 1973) zinemagileei ahozko memoriari buruz ikertzea eskatu zaie eta bakoitzak bere gogoeta eta irakurketa pertsonalak eskainiko dizkio bisitariari aurkeztutako lanen bitartez.

Eleketa, ahozko oroimenak erakusketak Ipar Euskal Herriko beste lurraldeetan ere egongo da hurrengo hilabeteetan, beti ere tokian tokiko testuinguruari egokituz, han eta hemen bildutako lekukotasunak baloratuz. 2021eko azaroaren 6tik abenduaren 4ra Donibane Garazin paratuko dute.

Zabaldu: