Irailean urtero egin ohi duten bezala, Poesia Orduak ekimena antolatu dute Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak Victoria Eugenia Club aretoan. Bi saio izango dira: irailaren 6an eta 7an, arratsaldeko 19:30ean.
Datorren astelehenean izango da Poesia Orduak ekimenaren lehenengo eguna, Leire Bilbao idazlearen Etxeko urak liburuaren errezital musikatuarekin. Bilbaorekin batera, Maite Larburu musikaria arituko da. Liburua ezagutzera eman den arren, hau izango da lehen errezital osoa, eta lehenengo aldia Maite Larburu artistarekin batera.
Idazle ondarrutarrak iaz argitaratu zuen Etxeko urak poema liburua. Amatasunetik idatzita dago, baina ez amatasun idiliko batetik, ezta amatasunaren ukaziotik ere. Badira pozak eta minak, badago samurtasuna eta ama izatearen pisua, disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia, dena alde batera botatzeko gogoa eta norbere ama ulertzeko saiakera.
Irailaren 7an Nahia Zubeldiaren txanda izango da. Ziburuko idazleak Poema likidoak liburuaren errezital musikatua eskainiko du. Elkanoren itsas bidaian inspiratuta idatzitako poemak jasotzen ditu lanak. Oholtza gainean idazlea bera eta Manu Matthys musikaria, Lumi taldea osatzen duten bikotea, arituko dira.
Bi emanaldietarako sarrerak doakoak izango dira aretoa bete arte eta gonbidapenak Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan banatuko dira emanaldien egunetan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.