Azken hamarkadetako mugimendu feministaren borrokari lotutako material grafiko nahiz idatzi askoren kopiak batzen ditu. Erakusketa Zabalguneko eraikinean bisitatu ahal izango da urriaren 6ra arte.
1968tik 1994ra bitartean, Bizkaiko mugimendu feministaren historia eta memoria jasotzen dituen erakusketa zabaldu du Foru Aldundiak Bilboko Zabalgune eraikinean. Mercedes Arbaiza irakasleak komisariotu du erakusketa EHUko Experiencia Moderna Ikerketa taldearekin lankidetzan, La Prodigiosa Agenciak ekoitzia eta Maialen Arangurenek dokumentatua.
Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun diputatuaren arabera, “historian zehar emakumeen rola ezkutuan gordearazi da, hainbat gertaeratan protagonista izan diren arren. Patriarkatua letra guztiekin pairatu dugu”. Erakusketa honekin emakume feminista horiek aldarrikatu nahi dira, “bizitzaren alderdi publikoan emakumeoi eskubide propioz dagokigun protagonista rola exijitu eta defendatu izan dutenak: kalera irtetea, lan egin ahal izatea, gizonezkoekin berdintasunean bizitza guztiz normalizatua izan ahal izatea. Horixe izan da feminismoaren aldarrikapen nagusia”, gehitu du.
Laespadak adierazi duenez, fokua jartzen da “ia inolako egiturarik izan gabe kalera irteteko gai ziren emakumeen gain, urte haietan zituzten erremintekin: manifestazioak, pegatinak, kartelak, pankartak… kaleko aldarrikapena, aldarrikapen zibila kaletik”.
Erakusketa omenaldi bat da emakume feminista horientzat guztientzat, “uste dut omenaldi txiki hau egin behar diegula, eta zera esan behar diegula: hor egon zineten eta, zuei esker, gaur egun hemen gaude”.
Arbaizaren hitzetan erakusketa da: “hitza ematea garai horretako protagonista izan ziren emakumeei, beren keinu txikiei, beren transgresio anonimoei, erresistentzia kolektiboei eta sortzaileak izan ziren borrokei, formari, proposamen ausartei nahiz lengoaia politikoei dagokienez”.
“Urte horietan mugimendu feministak hankaz gora jarri zuen mundua, baita Bizkaian ere; izan ere, izateko nahiz emakume izateak esan nahi zuena esperimentatzeko era berriak proposatu zituen, normaltasun maskulinoarekin hautsi zuen eta jendaurrean hitz egitea erabaki zuen, antolaketaren atalasetik harago joanda. Erakusketak, beraz, aitortza egiten dio Bizkaiko mugimendu feministak emakumeen eta gizonen arteko harremanak nahiz emakumeon artekoak errotik aldatu izanari”, azpimarratu du.
Arbaizak azaldu du, halaber, erakusketak “zeharkako ikuspegia” duela “politika feministaren gai nagusietan”, eta Bizkaiko orainaldira ekartzen dituela, “erdietsitako konkistetatik eta etorkizuneko erronketatik” irakurriz.
Ibilbidea
Erakusketak ibilbide historiko bat proposatzen du, eta mugimendu feministaren unerik garrantzitsuenetako batzuk erakusten dizkigu. 25 urteko denbora tartea hartzen du barne. Urte haietan, “bigarren olatuko feminismoak, intuizio eta ausardia handiz, bizia aldatu digun gizarte mugimendua jarri zuen martxan”. Ezinegonaren eta esnatzearen garaia izan zen, eztanda politikoarena eta antolaketarena nahiz egonkortzearena, eraketako aniztasunetik abiatuta.
Funts dokumental pribatu askoren laguntza izan du erakusketak, bereziki Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroarena. Hauek dira ikusgai dauden materialak: liburuak, aldizkariak, pegatinak, aktak, argazkiak, kartelak…
Erakusketa honetan ez dago jatorrizko dokumenturik. Erreprodukzioak dira, fotokopiak, kopien kopiak, puskak eta zatiak, “gorputzetik pasa direnak, eta batzuetan beharrezkoa da distantziatik edo beste ikuspuntu batetik ikustea, begietsi ahal izateko.