(argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

Nazioarteko PEN klubaren 100. urteurrenaren harira, erakundearen historia kontatzen duen liburua aurkeztu dute

Euskal PEN taldeak euskarara ekarri du argitalpena eta euskal erakundearen historia jasotzen duen atal bat gehitu dio.

Ehun urte igaro dira lehen PEN kluba Londresen jaio zenetik, eta mendeurren horren harira, nazioarteko erakundeak liburu grafikoa argitaratu du ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz. Euskal PEN-ek liburu osoaren euskarazko bertsioa ere argitara eman du, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Etxepare Euskara Institutuaren babesarekin.

Argitalpenak erakundearen ehun urteko historia jasotzeaz gain, euskarazko bertsioaren azken atalean, Euskal PEN-en historia ere kontatzen du, Euskal PEN hiru jauzitan titulupean.

Euskal Pen kluba

Euskal PEN 1950 urtean jaio zen Manuel de Irujo, Manu de la Sota eta Manu de Intxaustegiren eskutik, erbestean eta lehenengo zuzendaritza Seber Altube, Jean Elizalde, Henri Gavel, Justo Garate, Nicolas Ormaetxea Orixe, Piarres Lafitte, Ixaka Lopez Mendizabal, Jokin Zaitegi, Michel Etcheverri, Xabier Iratzeder, Isidoro Fagoaga, Manuel Irujo, Xabier Landaburu eta Manuel de la Sota idazleek osatu zuten. Bi idazkari izendatu zituzten, Andima Ibiñagabeitia eta Jon Mirande, eta Edinburgon egindako kongresuan parte hartu zuten. Egoera zaila bizi zuen euskal kulturak, eta ibilbide laburrekoa izan zen lehen Euskal PEN Bilkura hura, urte gutxian utzi zion jarduteari, baina abiapuntu garrantzitsua ezarri zuen. Txomin Peillen, PEN talde hartako kidea, egungo Euskal PEN-eko ohorezko presidentea da.

1987an berriz egin zen ahalegina, orduko hartan Euskal PEN Kluba izenaz, eta bizpahiru urteko bizialdia izan zuen. Orduko hartan ere hainbat idazlek bultzatu zuten taldea: Jean Louis Davant, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Bitoriano Gandiaga, Jose Azurmendi, Txomin Peillen, Joseba Sarrionandia, Eñaut Etxamendi, Laura Mintegi, Joxe Agustin Arrieta, Martin Ugalde, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre, Patxi Zabaleta, Juan Mari Lekuona, Mikel Antza, Patri Urkizu, Manex Goienetxe, Xabier Mendiguren, Pablo Sastre, Xarles Bidegain, Josu Landa, Xabier Montoia eta Josemari Velez de Mendizabal.

2004an, eta gaur egunera arte, hirugarrenez hasi zen Euskal PEN taldea. Euskaldunon Egunkariaren itxierak, 2003an, nazioarteko elkartasun olatu zabala ekarri zuen, English PEN eta PEN Català bezalako taldeen eskutik, eta halaxe elkartu zen berriz ere Nazioarteko PEN-en inguruan euskal idazle eta kazetarien talde berri bat. Tromsoko kongresuan aho batez egin zioten ongi etorri Euskal PEN taldeari.

Hamazazpi urte hauetan askotariko ekimenak egin izan dira euskal erakundearen lau batzordeetan; Idazle Jazarrien aldeko Batzordean, Itzulpena eta Hizkuntza Eskubideen aldeko Batzordean, Emakume Idazleen Batzordean eta Bakearen aldeko Idazleen Batzordean.

Nazioarteko bileretara euskararen eta euskal kulturaren berri emateaz gain, Basque Writing izeneko aldizkaria ere eraman izan dute han-hemenka; euskaraz eta ingelesez argitaratzen dute, eta hainbat euskal idazle parte hartu dute, horien artean dira, besteak beste Bernardo Atxaga, Itxaro Borda eta Kirmen Uribe. Mundu zabaleko kanpainekin ere bat egin du, Turkiara egindako misioan, Iranek heriotzara zigortutako idazleen kasuan, Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan agerraldiak eginez eta Donostia 2016 bezalako ekimenetan buru-belarri jardunez: Ongi Etorri jardunaldiak edo Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa dira horien adibide bi.

Zuzendaritza taldeko kideak izan dira Joxemari Iturralde, Eider Rodriguez, Lutxo Egia, Fito Rodriguez, Paddy Rekalde, Asier Serrano, Teresa Toda, Paul Bilbao, Juanjo Ispizua, Hasier Rekondo, Joseba Tobar-Arbulu, Gari Berasaluze, Itxaro Borda, Maialen Sobrino eta Xabi Paya. Laura Mintegi lehendakaria izan zen 2004tik 2012ra, Urtzi Urrutikoetxea 2012rik 2021era eta 2021etik Laura Mintegi berriz ere.

Hiru ardatz nagusik gidatzen dute Nazioarteko PEN-en eta, halaber, Euskal PEN taldearen jarduera: adierazpen askatasunaren defentsa edozein erasoren aurrean, hizkuntza gutxituen eta haien kulturen defentsa eta emakume idazleen ikusgarritasuna.

Helburu horiek gogoan, ugariak izaten dira PEN taldeek munduan zehar egiten dituzten ekimenak.

Zabaldu: