Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi komiki aldizkarian plazaratutako Arranotxuren istorioekin albuma osatu du Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariak.
Marrazkilari nafarrak, Xabiroi aldizkariko zuzendari Dani Fanok eta proiektuaren babesle den Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa aurkeztu dute, Iruñean. Argitalpen berria “Xabiroi aldizkariaren bildumako beste ale bat da, baina ezohikoa. Batetik, ez delako aldizkariak urtero argitaratzen duen bildumaren zati bat, bilduma horretatik kanpokoa da; bestetik, formatua bera ere ez delako Xabiroik argitaratu dituen bildumen berdina. Azkenik, Xabiroiren bilduma bakoitzak istorio bat kontatzen du, hilabeteetan aldizkarian atalka argitaratzen joan diren istorio baten bilduma da zenbaki bakoitza; Arranotxu, aldiz, komiki aldizkariaren zenbaki bakoitzean hasi eta bukatzen den istorio bat da; bilduma, beraz, bina orri dituen hamaika istorioz osatzen da, istorio guztietan Arranotxu eta beste zenbait protagonista errepikatzen diren arren”, azaldu dute.
Fanok kontatu duenez, Zaldieroa 2007. urtean hasi zen aldizkarian lanean Arranotxurekin, eta ordutik, urtero lau istorio argitaratu dira aldizkariaren beste hainbeste zenbakitan. Bilduma egiterakoan, ia istorio guztiak batu dituzte, baten bat kanpoan geratu den arren.
Arranomendin
Ama Oihana eta aita Haizearen semea da Arranotxu, Euskal Gerlari Mitikoa. Arranomendin du base sekretua, eta bertan galtzagorriak jo eta su ari dira Arranotxurentzat gailu eta tramankulu desberdinak ekoizten. Orrietan barrena, pertsonaia ugari agertuko dira; mitologikoak eta elezaharretakoak batzuk (Tartalo, Basajaun, lamiak, galtzagorriak, Teodosio Goñikoa…), superheroi amerikar zenbait (Superman eta Batman, esaterako), animalia eta piztiak (basurdeak, herensugeak…), eta, ez beti baina askotan, istorioei sarrera ematen dioten aitona eta bi ilobak, esaterako. Guztiarekin, Huartek unibertso bat osatu du Arranomendi inguruan, eta horren bilduma da Xabiroi komiki aldizkariak aurkeztu duena. Aurkezpenean adierazi duten bezala, Zaldieroak bere sorkuntzan erabiltzen dituen lehengai guztiak ditu bilduma honek ere: “Poetikoa da, umorez lepo dator, ederra eta, batez ere, dibertigarria da”.
Egilearen hitzetan, heroi baten antitesia da Arranotxu: “Sukaldean ematen du denbora gehiena, ez du sestra maite eta ez du indarkeria atsegin”. Pertsonaia berezia, “gerlari mitikoa” izateko. Pertsonaia nola sortu zuen ere azaldu du marrazkilariak: “Euskaldunon Egunkarian argitaratu nuen istorio batean du iturburua. Orduko hartan, soldadu bat sortu nuen, Orreagako gudura borrokatzera abiatu zena, baina behe-lainoarekin galdu, eta ez zena gudura iritsi. Etxera itzuli eta bere ohiko bizitzari heldu zion”. Xabiroi aldizkarirako urte batzuk geroago berreskuratu eta moldatutako pertsonaia da, beraz, Arranotxu.
Mitologiara ere jotzen du egileak, baina bere begiradarekin. “Mitologiak erakarri bezala uxatu egiten nau. Mitologiari buruzko liburu asko begiratzen dut, baina bakar bat ere ez dut erosi. Oso ilunak dira irudiak”. Huartek, beraz, pertsonaia mitologikoak umorearen ikuspegitik eraman ditu orrialdeetara.
Xabirioi komiki aldizkaria eta aldizkariak urtero argitaratzen dituen bilduma guztiak adin guztietarako pentsatuak direla azaldu du Fanok, aitortu duen arren, istorio batzuk ez direla zehazki adin guztietarako. “Arranotxu, ordea, bai; egiazki adin guztietarako pentsatua eta egina da, eta horretan Patxi Huarteren eragina erabatekoa izan da, berezko trebezia handia duelako adin guztietara iristeko egiten dituen istorio guztietan”.