(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

Itxaro Borda idazleak Zilarrezko Gehitu Saria irabazi du

Gehitu elkarteak baionarra saritzea erabaki du: “LGTBIQ+ komunitateko emakume olerkari gisa egindako lanean erakutsi dituen ausardiagatik eta zintzotasunagatik, euskararen erabilera erresistentzia gisa aldarrikatuz gizarte patriarkal eta hipermaskulinoan fronte desberdinak biltzen dituen borroka batean”.

Itxaro Borda idazleak (Baiona, 1959ko) jasoko du aurtengo Zilarrezko Gehitu Saria, alegia, urtean zehar edo bere ibilbidean LGTBIQ+ komunitateari babes publikoa eman dion pertsonari, elkarteari, administrazioari edo erakundeari ematen zaion garaikurra.

Gehitu elkarteak adierazi duenez, Baionako idazleari ematea erabaki dute,. Borda, Gehitu magazinaren kolaboratzailea ere bada.

“Itxaro Bordaren olerkigintzan, ospakizun alternatiboaren ikur da aniztasunaren jarrera aldarrikatzaile eta bisionarioa (gorputzaren, hizkuntzaren, sexualitatearen, kulturaren eta geografiaren aniztasunarena), baita Ipar Euskal Herriko idazle honek maiz salatzen duen euskal naziotasun uniboko, hipermaskulino batek ezartzen dituen balioekiko erresistentziaren ikur ere. Desberdintasunak barnean hartzen dituen hizkuntza/naziotik kritikatzen du hizkuntza/nazioa, eta horrela boterearen diskurtso unibokoa desartikulatzea lortzen du, esentzialismoei eta hierarkiei aurre eginez zentralitate mugikor batetik edo mugikortasun periferiko batetik bere obra poetikoak planteatzen duen alternantzien estetikan”, nabarmendu du elkarteak.

Itxaro Borda Nafarroa behereko Oragarren igaro zuen haurtzaroa, hangoa baitu familia. Donapaleuko Jean Errekarte lizeoan nekazaritza-batxilergoa ikasi zuen, eta Paueko Unibertsitatean burutu zuen Historiako lizentzia. Gaur egun Baionan bizi da.

Literaturaren arloan, 1974an argitaratu zuen bere lehen olerkia Herria aldizkarian. 1982an, Maiatz literatura aldizkariaren sortzaile izan zen Luzien Etxezaharretarekin batera. Lehen olerki-liburua, Bizitza nola badoan, 1984an argitaratu zuen.

Gehituren arabera, “bere lanen artean, azpimarratzekoak dira ‘ni’ poetikoaren erabilera, egunerokotasunarekiko konpromisoa, sistemaren aurkako jarrera, sexu-aniztasuna ikusgai egitea eta euskararen aldeko kezka”.

Poesiaz gain, narrazioak eta saiakerak ere idatzi ditu, eta itzulpen lanak ere egin ditu, besteak beste, Bertold Brenchten Kaukasiar kreazko borobila euskaratzeaz arduratu zen. Abestiak idatzi ditu hainbat musikarirentzat, euskarazko prentsa artikulu ugari argitaratu ditu, eta Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan kolaboratzaile gisa aritu da.

Bere obrako pertsonaiarik ezagunenetakoa da Amaia Ezpeldoi, zuberotar detektibe atipikoa, landa ingurukoa, bisexuala eta komunikazio arazoak dituena. 1994ko Bakean ützi arte eleberrian agertu zen lehen aldiz Ezpeldoi, eta 1996ko Bizi nizano munduan eta Amorezko pena baño eleberrietan ondoren, horiekin trilogia osatuz. Hiru lan horietan guztietan, Zuberoarekin lotutako gaiak jorratzen ditu Bordak, hala nola, gasaren industria edo espartzuaren ekoizpena eta Ipar Euskal Herriko egoera sozioekonomikoa eta kulturala. Jalgi hadi plazara izeneko lanean (2004) berriro agertu zen pertsonaia hori, baina eleberri hori Bilbon kokatua dago. 2012an bosgarren eleberri bat argitaratu zuen, Ezpeldoi protagonista zuena, Boga Boga.

Joan den ekainean Euri zitalari esker, Ezpeldoiren azken eleberria, aurkeztu zuen idazleak eta horrekin batera, ia hiru hamarkada iraun duen abenturaren amaiera iragarri zuen.

Bordak jaso dituen sarien artean daude Euskadi Saria, 2002an %100 basque eleberriarengatik, Rosalia de Castro poesia saria, 2010eko azaroan Galiziako PEN Klubak emana, eta aurtengo Zilarrezko Gehitu Saria.

Zabaldu: