Eneko Sagardoy, Itziar Ituño eta Edurne Azkarate izango dira aktore nagusiak. Filma datorren urteko udazkenean aurkeztea espero dute.
Paul Urkijo zinemagileak irailaren amaieran ekingo dio Irati izeneko bigarren film luzearen grabaketa lanei. Zinemagile gasteiztarrarekin batera Eneko Sagardoy, Itziar Ituño eta Edurne Azkarate aktoreak ere izan dira pelikularen aurkezpenean, Donostiako Zinemaldian.
Lantaldeak adierazi duenez, datozen zortzi asteetan grabatuko dute filma Euskal Herrian eta Huescan eta datorren urteko udazkenerako amaituta izatea espero dute.
Filmak Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komikia du oinarri, “zalantzarik gabe, erronka garrantzitsua izango da taldearentzat, euskaraz filmatutako genero historiko-fantastikoko istorio bat baita, VIII. mendeko garai ilunean girotua”.
Gerlari kristau eta musulman talde bat Pirinio paganoko baso ezkutuetan murgilduko da, Orreagako guduan Karlomagnok galdu zuen altxor bikaina berreskuratzen saiatzeko asmoz. Altxorra leize sakon batean dago, Mari jainkosa bizi da bertan. Eneko Aritza izeneko gazte noble batek zuzenduko du gerlari taldea eta Irati bertako emakume gazte misteriotsu batek gidatuko ditu. Hala, izaki mitologikoz beteriko mundu ilun batean murgilduko dira non “izena duen guztia existitzen den”.
Sagardoy, Ituño eta Azkarate aktoreez gain, Iñigo Aranbarrik, Kepa Errastik, Elena Urizek, Nagore Aranburuk eta Iñaki Beraetxek osatzen dute aktoreen zerrenda.
Erremenetari, Urkijoren lehen film luzearekin bezala, Ikusgarri Films etxea arduratuko da ekoizpenaz, Bainet eta Kilima Mediarekin batera.