Azokaren ostean, baina, berriz itxiko ditu ateak kulturguneak, behin betiko irekiera aurretik.
Durangoko Udalak Plateruena irekiko du Durangoko Azokaren 56. ediziorako, Ahotseneak aterpea izan dezan bertan. Hala, hainbat mantenu egin ostean, euskal taldeak Plateruenaren oholtza gainera igo ahal izango dira berriz ere, abenduan.
Azokaren ostean, baina, berriz itxiko ditu ateak kulturguneak, behin betiko irekiera aurretik. Leiho bat ireki, Geroa begitantzeko, lema erabili dute udal ordezkariek iragarpena egiteko, etorkizuneko Plateruenaren diseinuan lanean baitabiltza azken hilabeteotan.
2020ko abenduaren 31n Plateruena Kafe Antzokiak ateak itxi zituen eta berau kudeatzen zuen kooperatiba desegin zen. 18 urteko ibilbide bati amaiera eman zitzaion, eta lokala eta kultur ondarea Durangoko Udalaren esku geratu zen. Harrezkero, udal arduradunak bi ildo nagusitan ari dira lanean. Alde batetik, Plateruenaren ateak berriz zabaltzeko mantenu eta hobekuntza lanak zehaztea, eta, beste alde batetik, kulturgunearen kudeaketa eredua eta etorkizuneko erronkak zehaztea.
Azken honek izan du pisu handiena azken hilabeteetan, izan ere, Udalak hausnarketa prozesu bat abiatu zuen otsailean herritar eta eragile ezberdinekin, etorkizuneko kudeaketaren ildo nagusiak irudikatzen hasteko. Prozesu horretan, 100 herritar, sortzaile, elkarte zein kultur eragile baino gehiagok parte hartu dute, eta ondorio nagusitzat izan dute Plateruena kultura, euskara eta sorkuntzarako erraminta izan beharko lukeela.
Hiru foku nagusi
Durangoko kulturgintzaren egoera hizpide izan da tailer guztietan, izan administrazioko langileekin egindakoan, izan elkarte eta sortzaileekin egindakoetan. Urteetako gabeziatzat jo da kulturgintzari lehentasunik eta garrantzirik eman ez izana. Hiru foku nagusi mahai gaineratu dira kulturgintzari buruzko iritziak ematean: kultur mailako estrategia edo perspektiba orokorraren falta; azpiegitura aldetik Durangok dituen beharrak; eta kudeaketa errazteko eskaerak
“Plateruena kultur sorkuntzarako harrobi, topagune, esperimentazio gune eta erakusleiho izango da, euskara nagusi izango den espazio batean. Kultur komunitatea ehuntzeko eta zabaltzeko kultur elkarteak, sortzaileak, kulturzaleak eta kulturgileak barnebildu nahiko lituzke etorkizuneko Plateruenak. Zeharka, gainera, Durangoko eragileentzako, gazteentzako, haurrentzako edota ikastetxeentzako aterpe izan nahiko luke. Horrez gain, orain arte Plateruenara hurbildu ez diren herritarrentzako erakargarri izan beharko luke”, adierazi dute udal ordezkariek.
Udalak gidatutako prozesuan proposamen asko egin dira Plateruena edukiz hornitu eta eskaintza elikatzeko. Dena den, eskaintza hori proiektu kultural baten aterkipean egotearen garrantzia ere azpimarratu da. Bertan, arte diziplina ezberdinetarako topaleku izateko proposamenak helarazi dira, esaterako, musika, antzerkia, dantza edota arte plastikoarentzat.
Horrez gain, Plateruenako ostalaritza zerbitzuaren gaineko zalantzak agertu dira prozesuan ere. Ondorio nagusia izan da, Ostalaritza zerbitzua, egotekotan, osagarri izan beharko lukeela, kultur proiektua baldintzatu gabe.
Kudeaketa ereduaren inguruko aukerak ere mahaigaineratu dira partehartze prozesuan eta Udal Gobernuak teknikoki eta legalki egokiena izango denaren inguruko hausnarketan eta erabakitze prozesuan murgilduta dago.
Udalaren arabera, “datozen hilabeteetan, aurrerapauso sendoak egingo dira Plateruenak behin betiko ateak ireki ditzan: Berrirekiera honetarako erabili dugun lemak dion bezala, leiho txiki bat ireki dugu etorkizunaz hausnartzen dugun bitartean. Argi daukagu Plateruena indartsu bat behar dugula Durango are indartsuago bat eraikitzeko. Hori lortzeko lanean ari gara dugu etengabe, kasuistika eta eredu ezberdinak aztertuz”.