(argazkia: Euskaltzaleen Topagunea)

Kukulaisi euskaltzaleen topagunea federazioa jaio da

Aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da erakunde berria.

Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da Kukulaisi erakunde berriaren sorrera. “Helburua tokian tokiko euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzea da”, azaldu dute.

Orotara hamalau euskara elkarte batu dira Kukulaisi federaziora, lehendik ere euskarazko aisialdi egitasmo sendoak dituzten elkarteak. Ondokoak izan dira batu diren lehenak: Usurbilgo Noaua! euskara elkartea, Getxoko Bizarra Lepoan euskara elkartea, Hernaniko Dobera euskara elkartea, Euskarabentura elkartea, Gasteizko Geu elkartea, Ordiziako Hitzaro euskara elkartea, Bergarako Jardun euskara elkartea, Atarrabiako Karrikaluze euskaldunon elkartea, Lasarte-Oriako Ttakun kultur elkartea, Arrasateko Txatxilipurdi elkartea, Deustuko Berbaizu euskara elkartea, Durangoko Berbaro euskara elkartea, Elgoibarko Izarra euskaltzaleen elkartea eta Soraluzeko Pil Pilean euskara elkartea. Horiez gain Euskaltzaleen Topagunea eta Kultur Kabia aisialdiko zerbitzu enpresak ere parte hartu dute Kukulaisi federazioaren eraketan.

Federazioaren sorreran euskara elkarteen mugimenduko elkarte eta eragileak batu badira ere, euskarazko aisialdia garatzen dituzten bestelako elkarteei ere zabalik dagoela azpimarratu dute Kukulaisi euskaltzaleen topagunearen ordezkariek. Era berean, lehen eratze bileran Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako elkarteek parte hartu badute ere, federazioa Euskal Herri osoko eragileak biltzeko sortu dela nabarmendu dute.

Euskara elkarteak lehendik ere Euskaltzaleen Topaguneak eta bestelako bilguneetan ere partaide izan direla gogoratu du Markel Baroja Berbaizu euskara elkarteko ordezkari eta Kukulaisi federazioko zuzendaritzakideak. Hala, Oinherri, Amarauna sarea edo aisialdi foro ezberdinak aipatu ditu, besteak beste. Kukulaisi artikulazio horretan ekarpena egiteko sortu dela azaldu du, aisialdi euskaldun euskaltzalea artikulatzeko. Federazioa irekia dagoela azpimarratu du, helburu bera partekatzen duten bestelako eragileei ateak zabalik.

Aisialdiaren garrantzia euskararen garapenean

Euskarazko aisialdiak hizkuntzaren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute ordezkariek. Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Topalabe taldeak landutako Berrindartu eta jauzi gogoetan aisialdiaren arloa, lan-munduarekin batera, hurrengo urteetarako estrategikoak diren eremuak direla gogora ekarri du. Hezkuntza formalak duen funtsezko papera ahaztu gabe, aisialdia adin guztietako pertsonen sozializazioan ezinbesteko elementua da eta hizkuntzaren normalizazioan ere ekarpen handia egiten duela aipatu du. Horregatik, aisialdi arloan egiten diren proiektu anitzen artikulaziorako eta garapenerako tresna modura aurkeztu da federazio berria. Sektore artikulatu batek bere eragina biderkatu dezakeela nabarmendu du, azkenik.

Zabaldu: