(argazkia: Bertsozale elkartea)

Urriaren 24an abiatuko 32. Euskal Herriko Eskolartekoa, Abadiñon

Sarrerak salgai daude jada www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertsozale elkarteak udaberrian “Eskolartekoaren saguzarrak” abiatutako hegaldia udazkenean amaituko zela iragarri zuen, eta dagoeneko ezagutzera eman du hitzordu zehatza: urriaren 24an izango da Abadiñon. Saioa 11:30ean hasiko da herriko probalekuan, eta sarrerak jada eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Hala, 32. Euskal Herriko Eskolartekoan lurralde bakoitzean sailkatutako hamaika bertsolarik hartuko dute parte: Arabatik, Maddi Agirre Epelde eta Eukene de los Aires Amundarain; Bizkaitik, June Diaz Franco eta Janire Arrizabalaga Munduate; Gipuzkoatik, Ekain Tolaretxipi Errazti eta Naia Arrizabalaga Arrieta; Lapurditik, Haira Aizpurua Ibargarai eta Oneka Arteaga Olasagasti; Nafarroatik, Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia; eta Zuberoatik, Aetz Etxart Sarasola.

Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa. Gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea du helburu, eta baita haurrak eta gazteak entzulearen aulkitik zaletzea ere.

Duela bi urte egin zen aurreko Euskal Herriko Eskolartekoa, Saran eta hirurtekoa beteta, beste herri batera mugitzerako iritsi zen pandemiaren mehatxua. Elkarteak azaldu duenez, “iaz Eskolartekoa lurraldeetan egin ahal izan zen, baina ondoren, Euskal Herrikoa egiteko zeuden zailtasunak tarteko, Eskolatik Plazara ekimena antolatu zen haren ordez, lurraldeetako eskolartekoetatik sailkatutako bertsolari gazteek jendaurrean kantatu zezaten. Udazkenean bada ere, 2021ean, honenbestez, itzuliko da Euskal Herriko Eskolartekoa”.

Zabaldu: