Abian da Gazteentzako euskarazko kontakizun laburren lehiaketa

Hizki Laburrak lehiaketa 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta hitz jakin baten inguruan, gehienez 1000 hitz erabilita, istorio bat asmatzea izango da erronka. Aurten aukeratu den hitza oihartzun izango da.

Gauekoak aisialdi programak Oihaneder Euskararen Etxearekin batera Hizki Laburrak euskarazko kontakizun laburren lehiaketa antolatu dute bigarrenez.

Lehiaketa 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta hitz jakin baten inguruan, gehienez 1000 hitz erabilita, istorio bat asmatzea izango da erronka. Aurten aukeratu den hitza oihartzun izango da. Edonork parte hartu ahal izango du lehiaketan, ez du gasteiztarra izan behar horretarako.

Egitasmoan parte hartu nahi duten gazteek hilabeteko epea izango dute beren kontakizun-proposamena aurkezteko, urriaren 15etik azaroaren 15era bitartean, hain zuzen. Testuak PDF formatuan bidali beharko dira info.gauekoak@gmail.com helbidera.

Lan irabazleak aukeratzerako orduan proposatutako hitza testuan erabili izana, testuen originaltasuna eta euskararen erabilera egokia izatea baloratuko du epaimahaiak.

Epaimahaia Gauekoak lantaldeko kide batek, Oihaneder Euskararen Etxeko teknikari batek eta Gazteriako teknikari batek osatuko dute.

Orotara hiru lan aukeratuko dira eta azaroaren 19tik aurrera Gasteizko Udalaren webgunean argitaratuko dira kontakizunak. Azaroaren 24an, berriz, sari banaketa izango da Oihaneder Euskararen Etxean. Irabazleei 200, 100 eta 50 euroko saria emango zaie, hurrenez hurren.

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak, hemen.

Zabaldu: