Emakumeen giza eskubideen urraketa nagusi Irantzu Lekueren ´#FemRIGHTS´ erakusketan

Irantzu Lekue

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrena ardatz, batez ere emakumeen eskubideen urraketan jartzen du fokua Irantzu Lekue artistaren #FemRIGHTS proiektuak Gasteizko Montehermoso kulturgunean.

Bost aretotan banatuta dago Gasteizko artistaren obra osoa. Lehenengoan FemRIGHTS sei pieza handiz osatutako mikro horma irudia dago. Hamabi metrotako lana da eta oinarria “parte hartze dinamika bidez”, proiektu honetarako propio sortu dutela nabarmendu du Lekuek.

Bigarren aretoan Heroi anonimoak arte instalazioa dago ikusgai. Historian emakumezko erreferenteen faltaz hausnartzeko gonbita egiten da hemen. Ikusleak hamarnaka libururekin egingo du topo eta betaurrekoen bidez, liburu horietan idatzita dauden emakumeen izenak ikusi ahal izango ditu.

Ikusezintasuna artelana da hirugarrena. Lan honek hainbat emakumeren esperientzia traumatikoak edo eskubideen urraketak azaleratzen ditu, lekukotzen bidez.

Ondoan, Esku-bidea lana jarri dute eta bertan 200 esku zuriren gainean ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango da. “Esku-bideek laguntza eskatzen dute, aldarrikapen ilarak sortzen dituzte, eta justizia bideak eraikitzen dituzte, emakumeekiko errespetua, askatasuna, bizitzeko eskubidea eta segurtasuna eskatzeko”.

Estereotipoak lanak bere aldetik, Irati Jimenez idazle bizkaitarraren testu bat du oinarri. Barbie panpinek hainbat lanbide irudikatzen dituzte, denak ala denak emakumeen estereotipoei lotuak; aldi berean, paleta panpina haien gainean egongo da, gure artean denbora luzeagoa daramala islatzeko. Lanak kontraposizioa osatzen du eta azken hamarkadetan panpina horiei egotzitako estereotipoak azaleratzen dira, baita egun panpinek duten helburuetan izan diren aldaketak eta haien bilakaera ere.

Ahaldundu zaitez! artelanean berriz, ikuslearen parte hartze aktiboak bilatu ditu artistak. Gizartearen inposizioaren aurrean gizakiek hartzen duten joerari buruzko hausnarketa bat proposatzen du.
Jatorrizko bekatua artelanak itxiko du Lekueren erakusketa. Sagar gorri, garbi eta distiratsuz beteriko kupula batek emakumeari egozten zaizkion azalekotasun, edertasun estereotipoei, mendetasunari eta loturari buruz hausnartzera eramango gaitu. Aldi berean, elikadurari eta egun jatorrizkoaren eta artifizialaren artean dagoen dualtasunari buruzko gogoeta ere piztuko du.

#FemRIGHTS erakusketa Gasteizko Montehermoso kulturgunean egongo da ikusgai datorren urtarrilaren 13ra arte.

Zabaldu: