Elena Odriozolak irabazi du Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren Sari Nagusia

Ilustratzaile donostiarra Sentimientos encontrados (Gustavo Puerta Leisse, Ediciones Modernas El Embudo, 2019) libururako egindako ilustrazioengatik izan da saritua.

Elena Odriozolak Grand Prixa irabazi du, Bratislavako (Eslovakia) Ilustrazio Biurtekoaren Sari Nagusia. Ilustratzaile donostiarra Sentimientos encontrados (Gustavo Puerta Leisse, Ediciones Modernas El Embudo, 2019) libururako egindako ilustrazioengatik izan da saritua. Euskal ilustratzaile batek sari hau eskuratzen duen lehen aldia da.

Sari Nagusia mundu mailan haur liburu ilustratuei ematen zaien sari entzutetsuenetariko eta zaharrenetarikoa da eta Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren baitan ematen da. Bratislavako Biurtekoa haurrentzako eta gazteentzako liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa entzutetsua da eta Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, Unescoren Eslovakiako Batzordeak eta Haurrentzako Nazioarteko Arte Etxeak antolatzen dute.

Etxean barrena

Ediciones Modernas El Embudo argitaletxe sortu berriaren lehendabiziko alea izan da Gustavo Puerta Leisse eta Elena Odriozolak elkarlanean sorturiko Sentimientos encontrados (2019). Kaleratu eta berehala Juan Kruz Igerabideren itzulpenari esker Etxean barrena izenburuarekin euskaraz Denonartean-ek argitaratu zuen. Hamar urte pasatu zituzten bi egileek liburu hau ontzen. Bertan, liburuan agertzen diren zazpi pertsonaiekin jolasten duen bitartean, irakurlea zer sentitzen ari den pentsatzera eramango duen hausnarketa ilustratu bat egiten dute egileek. Horretarako, testu filosofiko klasikoak hartzen dituzte oinarri eta irudi bidez familia baten eguneroko gertaerak kontatzen dira.

Bratislavako Biurtekoaren epaimahaiko kideek liburu honen “izaera esperimentala” nabarmendu dute, “irakurketa mota ezberdinak baimentzen dituena”. Hari narratibo anitzak sortzeko ilustrazioaren erabilera ere azpimarratu dute. “Bere orrialdeetan haur baten jaiotza eta amona baten heriotza ikusten ditugu, baita egunerokoak diren irudiak eta ñabardurak ere. Orrialdea osatzen duen bineta bakoitzak bere sentimendu eta hausnarketak ilustrazioan proiektatzeko aukera ematen dio irakurleari”.

Zabaldu: