Denetara 40 herrialdetako 300 lan baino gehiagok hartuko dute parte urriaren 30era arte.
Gaur emango diote hasiera Nafarroako Horror Online Art Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko jaialdiari, Iruñean. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten lehenengoz egingo da jaialdia Gaztediaren Etxean. Denetara 40 herrialdetako 300 lan baino gehiagok hartuko dute parte urriaren 30era arte.
Aurreratu dutenez, film laburren zerrenda zabala izango da, jatorri, izan ere, azpigenero eta egileak kontutan hartuz aukeratu dituzte pelikulak. Hala, bost egunez jarraian 35 film labur proiektatuko dira orotara, 19:00etan hasita. Sarrera librea izango da edukiera bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharko da.
Ohikoa den bezala, jaialdiak saio berezi bat eskainiko du film luze baten inguruan. Kasu honetan Pascal Laugier zinemagile frantsesaren Ghostland.
Publikoak film laburretako sortzaile eta aktoreengana hurbiltzeko aukera ere izango du aurtengo edizioan.
Jaialdiarekin batera, Iruñeko Udalak jarduera paralelo sorta bat antolatu du astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara, eta beste hainbat ekimen larunbat arratsalde osora zabalduko dira, Beldurrezko arratsalde bihurtuta. “Sei egun horietarako lau ihes-joko ezberdinen 25 saio, mahai- eta karta-jokoak, rol-jokoak, beldurra ardatz duten gai bakarreko lantegiak eta bi lehiaketa antolatu dira.
Hamar urte
Horror Online Art Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia 2012an jaio zen Iruñean, online, ikusleengana oso gutxitan heltzen diren generoaren formatuak zabaltzeko, ikus-entzunezko sektoreko talentu berrien alde egiteko eta Nafarroako zinemagileei bultzada bat emateko.