(argazkia: Bertsozale Elkartea)

2022ko udazkenean egingo da Bertsolari Txapelketa Nagusia

Getxon abiatuko da irailaren 24an eta abenduaren 18an amaituko da Iruñean, Nafarroa Arenan. Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa 2022ko udazkenean egiteko erabakia hartu du Bertsozale Elkarteak. Pandemiak eragindako egoera leundu den honetan, lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin bururaino eramateko modua izango dela aurreikusiz.

Txapelketa Getxon abiatuko da irailaren 24an eta, euskararen lurralde osoa zeharkatu ostean, Iruñean hartuko du lur finalak abenduaren 18an. “Ibiltaria da Bertsolari Txapelketa nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan”, azaldu du Bertsozalek.

Xede horrekin eta Iruñean Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, Elkarteak finala bertan egiteko erabakia hartu du. “Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana”.

Ohiko plazak, lehentasun

Ohiko bertso plaza berreskuratzea da bertsolaritzaren mugimenduaren asmo nagusia une honetan. Era berean, egun abian diren lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzeko eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolakuntzan ilusioz eta buru belarri ari da elkartea.

Zabaldu: