(Argazkia: Bertsularien Lagunak elkartea)

VI. Xilaba txapelketako finalean arituko den seikotea aurkeztu dute

Donibane Lohizuneko Kanpos Berri Jai Alain jokatuko da Xilabako finala, azaroaren 13an, 17:00etan.

Irailaren 18an Makean hasi eta azaroaren 13an Donibane Lohizunen amaituko den Xilaban, 24 bertsolarik parte hartu dute orotara. Bertsularien Lagunak elkarteak azaldu duenez, “txapelketa trinkoagoa izanki, jauzi handia izan da final aitzinekotik finalera pasatzea, 18 bertsolaritik 6 baizik ez baitira sailkatu. Beti bezala, lurraldetasuna errespetatzen saiatu gara: Makea, Muskildi, Hiriburu, Gabadi, Maule-Lextarre, Bardoze eta Izpura izanik hautatutako herriak”. Ohikoa baino entzule gutxiago izan direla nabarmendu dute, “osasun ziurtagiria eskatzeak eta, osasun egoerarekin loturiko debekuen ondotik, beste antolakunde anitzek memento berean ekimenak antolatzeak eragina izan dute seguraski”, adierazi dute.

Finala azaroaren 13an, Donibane Lohizunen

Donibane Lohizuneko Kanpos Berri Jai Alain jokatuko da Xilabako finala, azaroaren 13an, 17:00etan. Sei finalistak, haien final aitzineko saioan gailenduz edo final aitzinekotan puntuaketa gorena eskuratuz sailkatu dira finalerako. Hau da seikotea: Amets Arzallus, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Patxi Iriart.

Aritz Bidegain eta Amaia Castorene arituko dira aurkezle lanetan larunbatean, eta epaitzeko lana sei epaileren gain izango da. Andoni Iturriozek, berriz, txapeldunari jantziko dio txapela.

Finaleko sarrerak salgai daude jada webgunean, eta beste hainbat tokitan ere eskuratu ahal izango dira: Senperen (Larraldea baserria eta Bertsularien Lagunak elkartearen egoitza), Baionan (Elkar denda), Hazparnen (Xuriatea), Donibane Garazin (Irulegiko Irratia), Pausun (Xaia ostatua) eta Itsasun (Herriko Etxea).

Zabaldu: