(argazkia: U. G. Kultur Sharea)

[Bideoa] Azken 30 urteotan idatzitako kanten bertsioak bildu ditu Jon Maiak liburu-disko batean

Negu Gorriak, Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika edota Gozategi talde eta bakarlariei idatzi dizkie kantak. Horietako askok Kantu bat gara izeneko lan berri honetan ere parte hartu dute”.

 1991. urtean idatzi zuen Jon Maia bertsolari, kantari eta idazleak Gora Herria (Negu Gorriak), bere lehen kanta, eta aspalditik izan du buruan letragintzari lotutako zerbait argitaratzea. Izan ere, urte guzti hauetan 170 abesti inguru idatzi dizkie talde eta bakarlari askori, horietako batzuk Ken Zazpi, Gozategi, Benito Lertxundi edota Negu Gorriak bezain adierazgarriak.

Letra guzti horiek denboran eta disko askotan sakabanaturik daudela dio Maiak. “Zuzenean kanta izateko idatzita daude eta ez poema bezala argitaratuak izateko, beraz, horietako batzuk nonbaiten biltzeko ideia neukan burua”. Hori egiteko 30. urteurrena aitzakia ona izan zitekeela otu zitzaion.

Horrela sortu da gaur Donostian aurkeztu duen Kantu bat gara (Elkar) izeneko liburu-diskoa. Alde batetik, liburuak bertsolariaren kanta askoren hitzak jasotzen ditu, baina baita pieza horiekin lotutako istorioak ere.

Diskoan, berriz, hainbat bidelagun elkartu ditu Maia kanten bertsioak egiteko. “Negu Gorriak taldearen Gora herria eta Lehenbiziko bala abestietatik hasi eta Akelarre pelikularaino , Soziedad Alkoholika, Gozategi, Mikel Urdangarin, Gari, Benito Lertxundi… horietako askok diskoan kantatzen dute”, kontatu du. Bertsioak egiteko talde bat osatu du bertsolariak Gorka Hermosa (akordeoia), Pello Ramirez (txeloa) eta Nacho Soto (pianoa) musikariekin batera.

Zumaiarrarentzat “amets bat” izan da proiektu hau gauzatu ahal izatea, “gaur aurkeztu duguna altxor bat bezalakoa da eta oso pozik nago hain jende talentudunaz eta onaz inguratuta sentitzen naizelako”, adierazi du.

Diskoa oholtza gainean aurkezteko asmoz, Maia Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainiko du kontzertua abenduaren 29an. 2022ko urtarrilaren 6an, berriz, Bilboko Arriaga antzokian ikusteko aukera egongo da eta urtarrilaren 7an Zumaian.

 

Zabaldu: