(argazkia: Elkar)

Joan Mari Torrealdairen ‘Egunkaria. Gizarte zibilaren arrakasta’ liburua aurkeztu dute

Lana Berriak, Elkarrek eta Jakinek argitaratu dute, eta Egunkaria-ren kontaketa biltzen du, Torrealdairen bizipenetatik abiatuta.

Joan Mari Torrealdai kazetari, idazle eta euskaltzaleak (Forua, 1942-Usurbil, 2020) ia amaitua utzi zuen liburua aurkeztu dute gaur, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. “Liburua idazten ari zela amaitzeko laguntza eskatu zigun, baina atal asko eta egitura prest zituen dagoeneko. Berak egindakoari fidel izaten saiatu gara”, adierazi du Joanmari Larrartek. Lana Berriak, Elkarrek eta Jakinek argitaratu dute, eta Egunkaria-ren kontaketa biltzen du, Torrealdairen bizipenetatik abiatuta.

“Esku artean duzuna Egunkaria-ri buruzko liburua da. Nire iritziz, Egunkaria oso proiektu baliotsua izan da euskararentzat eta, bereziki, euskalgintzarentzat”. Halaxe deskribatu zuen Torrealdaik idazten ari zen lana. Horrekin batera, argitalpena ez dela historia liburu bat ere nabarmendu nahi izan zuen, “saio moduan idatzi dut; gertaerak kontatuko ditut, eta dokumentatu egingo ditut. Nire bizipenetan oinarrituta esplikatuko dut Egunkaria zer izan zen, eta haren garai garrantzitsuenak kontatuko ditut, horien gainean nire gogoeta propioak eginez”.

1990ean sortu zen Euskaldunon Egunkaria herri ekimenari esker, eta 2003an itxi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Euskal Herrian askotan gertatu izan den bezala, Egunkaria-ren sorrera ere oso gatazkatsua izan zen, gizartetik eratutako Egunkaria Sortzen taldearen eta garaiko Eusko Jaurlaritzaren artean. Amaiera, berriz, guztiz bortitza: Guardia Zibilak itxi zuen, eta bertako hainbat arduradun atxilotu, torturatu eta kartzelara bidali zituzten.

Torrealdaik lehen pertsonan bizi izan zuen prozesu osoa. Sorreratik hartu zuen parte Egunkaria Sortzen-en, hasieratik izan zen Administrazio Kontseiluko kide –bertako lehendakari ere bai azken urteetan– eta atxilotutakoen artean zegoen. Liburu honetan hori dena kontatzen du, sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara arteko ibilbidea.

Zabaldu: