Mulixka Dantza Taldeak ‘Olentzero’ ikuskizuna estreinatuko du abenduaren 23an, Gasteizen

“Iritsi da neguko solstizioa. Oso antzina, eguzkia mendi artean betirako desagertuko ote zen ere beldur izaten zen. Baina orain Olentzerok badaki eguzki berritu bat sortuko dela eta berriro ere izango dugula argia, berotasuna eta esperantza”, azaldu du taldeak. 

Mulixka Dantza Talde gasteiztarrak Olentzero, bere hirugarren ikuskizuna, aurkeztuko du Iradier Arenako Kultura Bizia gunean. Azaldu dutenez,”aro zaharreko pertsonai mitologikoa eta gaur egungo pertsonai magikoa uztartzen duen ikuskizuna da Olentzero”.

Taldeak zehaztu duenez, musikaz, dantzaz, abesbatzaz eta antzezlanez osaturiko ikuskizun sakona izango da Olentzero, “ondo zaindutako gidoiarekin, pentsaraztearekin batera, ikusle heldua zein txikiena ilusioz beteko dituena. Aspaldian galdutako Olentzeroren eta Gabonetako benetako mezua transmitituko diote ikusleari”.

Guztira, 80 pertsona arituko dira oholtza gainean: Eresia Orkestrako 40 musikari, 25 abeslari, 14 dantzari eta Iñaki Lasa aktore gisa. Denek “aspaldian galdutako Olentzeroren eta Gabonetako benetako mezua transmitituko diote ikusleari”, azaldu dute.

Ikuskizuna Gasteizko Iradier Arenako Kultur Bizia gunean estreinatuko dute, abenduaren 23an, arratsaldeko 19:30ean. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da.

Mulixka 2016. urtean Gasteizen sortutako dantzari taldea da. “Euskal dantzarako zaletasun eta grinak batu gaitu”, eta formakuntzan aurrera egiteaz gain, sortutako dantzekin aire fresko eta berritzailez kutsatu dituzte hainbat plaza zein antzoki. Iñaki Palacios txistulari eta konpositorearekin batera Lurra, Ardoa, Dantza sortu zuten 2017an, 2019an, berriz, Harria sortu zuten Palaciosekin eta Iñaki Perurena harri-jasotzailearekin batera.

Zabaldu: