Jaialdiaren bigarren edizioak Amerika eta Europako artxiboetan hamarkada luzeetan galdutako euskal musika klasikoari balioa eman nahi dio.
Euskal musika klasikoa eta nazioarteko errepertorioa uztartuko dituen Batura zikloa aurkeztu dute Donostian. Antolatzaileen esanetan, “2021ean eta 2022an, besteak beste, Errusia, AEB, Belgika eta Italiako nazioarte mailako artistek Gipuzkoako hainbat herritan interpretatuko dituzten formatu txikiko hamabost errezitaldi izango dira”.
Josu Okiñena pianista, ikertzaile eta ekimenaren sortzailearen hitzetan, “ganbera formatuko kontzertuak edo bakarlariak dira, hiruzpalau instrumentista arteko formazioekin, eta euskal errepertorioa eta nazioarteko errepertorioa batera programatuko ditugu”.
Bigarren edizio honek, besteak beste, Lizarrako Olazaran, Mugica, Tosar, Madina eta Zubeldia egileen musika berreskuratu eta balioetsi nahi du, hamarkada luzeetan euskal diasporan konposatu eta ahaztuta izan baitira. Orain Okiñenak Amerikako eta Europako hainbat artxibotan berreskuratu ditu. “Bigarren jaialdi honetan, euskal kultura historikoki finkatu den lurraldeetatik at diasporan idatzitako egileen konposizioak sartzea da apustua”. Izan ere, konposizio horietako asko, gainera, lehen aldiz interpretatuko dituzte.
Era berean, errezitaldi horiek “prozesu baten amaiera” ekarriko dute: “Eskuizkribuen aurkikuntzarekin hasi zen dena, edo Eresbil bezalako erakundeetan gordeta dauden dokumentuen azterketarekin, ondoren horietako asko grabatuz, eta, azkenik, errezitaldien programazioarekin amaitzen da, konposizio horiek jendearen aurrean jo ditzaten. Hori guztia Batura zikloan jasota dago.
Kontzertu didaktiko “goxoak”
Kontzertuak modu “didaktikoan, atseginean eta hurbilean” egingo dituztela iragarri du antolakuntzak, “artistek azalpen laburrak edo konposizioen testuinguruak egingo baitituzte interpretatu aurretik”.
Errezitaldien ezaugarriei dagokienez, Okiñenak esan du errezitaldi ugari izango direla: “Piano errezitaldiak daude, gitarrarako bakarrik edo jazz laukoterako, musika ez akademikoari, ez klasikoari ere keinu bat egin nahi diogulako, funtsezkoa iruditzen zaigulako bertan egotea”. Antolatzaileak azpimarratu duenez, oraindik ere beharrezkoa da gure musika klasikoaren programazioa nazioartekoarekin handitzea, eta egokia da entzulearen ulermena erraztuko duen azalpena edo informazioa.