Urtzi Urkixo artistaren ‘Erinnerung-Recuerdo’ erakusketa Bilboko Rekalde Aretoan ikusgai

Barriek programaren hirugarren erakusketa da eta 2020. urtearen hasieratik gaur egunera arte egindako obra grafikoak biltzen ditu.

Urtzi Urkixo artistaren (Bilbo, 1993) grabatuak ikusgai jarri dituzte Bilboko Rekalde Aretoan, 2022ko urtarrilaren 23ra arte. Barriek programaren hirugarren erakusketa da Erinnerung-Recuerdo izeneko hau eta 2020. urtearen hasieratik gaur egunera arte egindako lan grafikoak biltzen ditu, paper gaineko serigrafian eskuz inprimatutako argazkiak ardatz direla. Obra gehienak Covid19-ak ekarritako egoeraren erantzun gisa ikus daitezke.

Lanak Berlinen, artistak duen tailerrean eta Künstlerhaus Bethanien ospetsuaren serigrafia tailerrean egin zituen. Obren beste zati bat Bilbon egin du, BilboArte fundazioaren serigrafia tailerrean.

Lan-prozesuari buruz eta serigrafiaren arloan egiten duen ikerketa gertutik ezagutarazteko asmoz, Urkixok tailer bat eskainiko du Rekalde Aretoan, datorren azaroaren 30ean. Edukiera mugatua izango denez, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea 944068532 telefonora deituta edo mezu bat salarekalde@bizkaia.eus helbidera bidalita.

Urkixo Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, serigrafian espezializatua Galiziako Estanpa Garaikideko Zentro Nazionalean, eta Berlinen bizi da 2015etik. Bertan, obra grafikoen editore da, bere obra artistikoan sakontzeko inspirazioa bilatzeaz gain. Berlingo White Grid galeriarekin elkarlanean ari da azken hilabeteotan, laster erakusketa zabalduko baitu han bertan.

Zabaldu: