(argazkiak: Vital Fundazioa)

Jon Landa margolariaren ‘Itzulera’ erakusketa ireki dute Gasteizen

Hogei bat lan ikusi ahal izango dira, oihal gaineko olioen formatu handitik hasi eta arkatzez eta boligrafoz egindako marrazki txikietaraino.  Erakusketa abenduaren 11ra arte egongo da ikusgai Vital Fundazioa erakusketa-zentroan.

Jon Landa margolaria (Gasteiz, 1969) bere jaioterrira itzuli da, hamabost urtez, bere ibilbide artistikoa sendotzen, gure lurraldetik kanpo aritu ondoren. Artista arabarra baina, ez da esku-hutsik bueltatu, berarekin ekarri du Itzulera erakusketa osatzen duten hogei obra. Gasteizko Vital Fundazioa erakusketa-zentroan jarri dituzte ikusgai denak. Oihal gaineko olioen formatu handitik hasi eta arkatzez eta boligrafoz egindako marrazki txikietaraino.

Landa margolari figuratiboa da, eta bere interes nagusia inguruarekiko harremanetan, argian, adierazkortasunean eta emozioetan dago. Bere pinturak edertasunez betetako egoerak eta uneak islatzen ditu, argi biziz blaituak eta dentsitatez eta sakoneraz betetako mihiseetan islatzen diren atmosferak sortuz. Kolore dardartia, materiaren erabilera ausarta, konposizio landua eta oso marrazki zehatza ditu, eta freskotasunez, berotasunez eta sentiberatasunez betetako errealitate berri batera garamatza bere lanak, bere webgunean deskribatu duenez.

Margolaria kanpoan izan den bitartean, 40 bakarkako erakusketarekin eta ehundik gora erakusketa kolektiborekin osatu da bere curriculuma. Bere lana Parisen, Singapurren, Holandan, Taiwanen, Hong-Kongen, Belgikan, Malaysian, Suedian eta Estatu espaniarrean egon da ikusgai. Gainera, bere lanak 60 lehiaketa baino gehiago irabazi ditu, eta Europako eta AEBetako bilduma publiko, udal-bilduma eta bilduma pribatuetan aurki daitezke. Duela gutxi, XL Artea  formatu handiko artelanak egin ditu Aguraingo eta Donostiako hormetan, eta Kexaako Ametsen Hariztian hartu du parte.

Bere pinturaren funtsa argia, kolorea, konposizioa, gaur egungo baliabide piktorikoak eta inprobisazioa dira, eta horiekin batera egiten du bidea mihise zuritik hasi eta lehen begiradan itxura fotografikoa duen figurazio bateraino, eta ia abstrakzioa behaketa gogoetatsuago batean.

Erakusketa Vital Fundazioa erakusketa-zentroan egongo da ikusgai abenduaren 11ra arte, asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera librea izango da.

Zabaldu: