Idazle bilbotarrak Krakovia izenburupean kaleratu du liburua Erein argitaletxearen eskutik.
Goizalde Landabaso idazle eta kazetariak (Bilbo, 1970) osasun arazo bat izan zuen duela hamar bat urte. “Oso bizipen gogorra eta latza” izan zela aitortu du, baina, aldi berean, bere momentu surrealistak eta umoretsuak izan zituela dio. Garai hartan bizitako guztiarekin zerbait egin behar zuela erabaki zuen bilbotarrak, eta, hala, hamarkada bat geroago Krakovia izeneko liburua argitaratu du, “digestio mantsokoa naiz eta urte batzuk behar izan ditut gertatutakoa ardazteko, artxibatzeko eta kokatzeko”.
Bere lehen eleberrirako, Landabaso bera ez den beste pertsonaia bat asmatu du egileak, beste unibertso paralelo batean dagoena, “emakume bat da, nire adina dauka, nire izen-abizenak ditu, nire bizipenak, baina baditu baita ere beste bizipen batzuk, nire erabakiak hartzen ditu eta hartuko ditu, baina baita beste pertsona batek hartuko lituzkeen erabakiak ere”, adierazi du.
Hasiera batean idazleak ipuin liburua ontzeko asmoa zuen, baina denborarekin konturatu zen narrazioek hari bat zeukatela eta lotuz gero haria potoloagoa izan zitekeela, lanak eleberri forma hartzeraino.
Landabasok azaldu duenez, eleberria zirkularra da, hasiera eta amaiera du, eta, gainera, amaiera hasiera izan daiteke. “Momentu batean tentatuta egon nintzen amaiera hasierara pasatzeko eta hasiera amaierara”. Kontakizunak denbora bi dituela ere azaldu du egileak: “alde batetik, modu kronologikoan estrukturatuta dauden hasiera eta amaiera dago, eta, bestetik, gorputza, denbora lasaiago bat duena. Ospitale batean zaudenean denbora ez da existitzen eta ez existentzia horretan kokatuta dago gorputzaren denbora”.
Liburuaren berezitasun nagusia umore beltza dela dio idazleak, “ironia, umore eta txiste asko daude, horrelako kokagune batean ezin da beste modu batera izan”, gaineratu du.