(argazkia: Euskal Zine Bilera)

Iban del Campo, Josu Martinez eta Jorge Moneo dira aurtengo Euskal Zine Bilerako irabazleak

Jone Arriola, Ana Angulo eta Itxaso Frauren Dena asmatuta dago proiektuak irabazi du Benito Ansola saria.

20 film izan dira aurtengo Lekeitioko Euskal Zine Bilerako Sail Ofizialean parte hartu dutenak. Den denak azaroaren 22tik 25era bitartean ikusi ahal izan dira Ikusgarri zine aretoan eta zinebilera.eus webgunean. Antolatzaileen arabera, “genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera izan dugu”.

Film guzti horien artean hiru izan dira gailendu direnak. Saridunak erabakitzearen arduradunak Izaskun Arandia, Iratxe Fresneda eta Ane Pikaza zinegileak izan dira. “Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko”.

Film sarituak

Iban del Camporen Serendipia lanarentzat izan da film onenaren saria. “Zinemagintzaren mekanismoa koherentzia osoz praktikan ipini ditu. Pelikula ariketa formal on bat da bere osotasunean”. Camporentzat izan dira, beraz, 44. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 1.900 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, berriz, Josu Martinezen Subandila filmak eraman du. “Gertakari historiko paregabea. Narrazio bikain eta zuzendaritza azpimarragarriarekin”. Martinezek 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra eraman ditu.

Gidoi onenaren saria Jorge Moneoren Begiak Hesteko Artean lanarentzat izan da. “Zinearen idazkuntzaren mugekin jolasten duen artefaktu bikaina da. Aipagarria da zer nolako lana dagoen artxibo lanetan eta irudi eta soinuarekin egin dituen jolasak ikusleari indarra transmitituz. Soinua irudia bezala protagonista bilakatzen da”. Moneorentzat izan dira 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Azkenik, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez Eitb Ikusleen sariaren irabazlea zein izan den ezagutzera eman dute. “Ikusleek haien botoekin erabaki dute irabazlea Gorka Ezkibelaren Ostendene izaeta, batez beste 5etik 4,55 puntu lortuz. Hortaz, berarentzat da Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria”.

Era berean, epaileek aipamen berezia egin nahi izan diote bi pelikulari. Alde batetik, Eukeni Arriortuaren Memoria lana nabarmendu nahi izan dute, “artelanaren sorkuntza prozesuaren erregistro ederra egiteagatik eta ikuslea prozesu horren partaide egiteagatik”. Bestalde, Pello Seron eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde filma azpimarratu dute, “jorratzen eta plazaratzen dituen gaiak emozioa transmititzen dute. Jorratutako gaiak zer pentsatu ematen du”.

Euskal Zinemaren Begirada: Euskal Animazioa

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begirada, Euskal Animazioa finkatu eta horretan lanean etengabe jarraitu dutenak omendu nahi izan dira. Aitzindari izan direnak eta urtero lan horretan jarraitzen dutenak. “Espazio honetan bi ekoiztetxe nagusi ditugu Euskal Herrian, Baleuko eta Dibulitoon”.

Benito Ansola Beka

Euskal Zine Bilera eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean bi urterik behin ematen duen Benito Ansola sariak 6. edizioa izan du aurtengoan. Bere helburua gazteei euskarazko ikus-entzunezko berriak ekoizteko bidea zabaltzea da, horretarako 3.000 euroko beka hau eskainiz. Aurtengo proiektu irabazlea Dena asmatuta dago izan da eta bere arduradunak Jone Arriola Lobete, Ana Angulo Umaran eta Itxaso Frau Terradillos dira.

Zabaldu: