(argazkia: Taupaka)

Ziztada & Rlantz taldeak ‘KSMS’ EPa kaleratu du

Diskoak biltzen dituen bost abestietan ahots melodikoak, mezu pertsonalak eta hausnarketa egiteko gonbita egiten duten letrak entzun daitezke.

KSMS (kosmos) du izena Ziztada & Rlantz taldearen EP berria, abestien hitzek eta doinuek kutsu “espaziala” dutelako. Bikoaren esanetan, “kantek munduko errealitate batetik kanpo eraman dezakete entzulea”. Beraz, kanpo espazioarekin du lotura lan honek, “abestiak entzuten diren bitartean hausnarketarako espazioa eraikitzen da, bake sentimendu eta sentsazio lasaia transmititzen da, eta horren ondorioz, mundu barneko estresa gogorarazi ordez, unibertsoaren lasaitasuna, iluntasuna eta handitasuna gogorarazten du”.

Musika estiloari eta ahotsari dagokionez, lan berria guztiz desberdina dela nabarmendu dute taldekideek, “Lo-fi, Reggae eta R&B estiloekin lotura du”. Baseak eta ahotsak aurreko lanekin konparatuz, askoz ere melodikoagoak dira rap kutsua salbu, gainera, letra pertsonalagoak jorratu dituzte oraingoan.

Lana ontzerako orduan askotariko erreferentziak izan dituzte, batez ere R&B eta Vapor Dub musika estiloarekin zerikusia dituzten artistenak: Biga Ranx, Damé eta Jorja Smith dira horietako batzuk. Letrak bestalde, musikak transmititzeko duen indarrari buruz hitz egiten dute, “utopia edo ametsetan barneraturik, burutik irten diren ideiek ere abestien zati handi bat hartzen dute”.

Beraz, lan honekin taldeak entzuleak harritu nahi ditu, proposamen berri eta moderno bat mahaigaineratuz, “estilo lasaigarri baten bidez publikoaren hausnarketa pertsonalak sustatu nahi ditugu”.

Lan berria bideoklip formatuan ere kaleratu dute, EPak biltzen dituen bost abestiekin, “bideo bakar baten bidez, istorio honetan sartzeko aukera eman nahi zaio entzuleari”, azaldu du taldeak.

Zabaldu: